argia.eus
INPRIMATU
Ernaiko zazpi kide epaitu dituzte, iazko maiatzaren 7ko atxiloketen harira
  • Iazko maiatzaren 7ko mobilizazioetan zortzi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak; 7 Bilbon eta 1 Gasteizen. Bilboko atxilotuak asteazken goizean pasa dira epailearen aurretik. Ernaik beren aurkako muntaia poliziala salatu du, eta borrokan berresten direla azpimarratu.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 15
Argazkia: Ernai

Ernaiko zazpi kideren aurkako epaiketa gauzatu da asteazken goizean Bilboko epaitegietan. Epailearen aurretik pasatako gazteak iazko maiatzaren 7an atxilotu zituzten, eta urtebeteren ostean abiatu da beren aurkako epaiketa. Auzipetuei babesa helarazi eta epaiketa salatzeko, Ernaik elkarretaratzea gauzatu du epaitegien parean, eta besteren artean, salatu du beren aurkako muntaia polizialean oinarritzen dela epaiketa.

Gazteen larrialdi egoera eta bizi baldintza prekarioak salatzeko atera zen Ernai kalera 2021eko maiatzaren 7an. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egin zuten mobilizazio bana, eta Gasteiz eta Bilbokoan zortzi pertsona atxilotu eta 60tik gora zauritu zituen Ertzaintzak. Bilbon atxilotutako zazpi pertsonak dira gaur epaitu dituztenak.

Urtebete eta urte eta erdiko zigor eskaerak egin dizkiete auzipetuei, gazte antolakundeak jakinarazi duenez. Horrez gainera, kalte ordain eta isunetan 20.000 euro ere eskatzen dizkiete. Zigor ekonomikoari aurre egiteko ekarpenak jasotzen ari dira, ondoko kontu korrontean: ES53 2095 0036 6191 2160 4611.

Elkarretaratzean azpimarratu nahi izan dute epaiketaren aurrean erantzun onena borrokan berrestea iruditzen zaiela: "Duela aste bat Bilboko kaleetan zehar egin genuen bezala, gaur epaitegi barruan egingo dugun bezala: jarrai dezagun gazteon bizitzen alde borrokatzen, dena baitugu irabazteko, haien kolpe bakoitzaren aurrean ukabila altxatu eta 'Ez gaituzue geldituko!' oihukatzen jarrai dezagun!".