Gazte antolakundeko bozeramaileak eta Periko Solabarria ezker abertzaleko militantea auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Gazte Danbadan eta Ernairen webgunean “terrorismoa goratzea” egotzita.
Irailaren 19an deklaratu beharko dute Ernaiko sei kidek, baita Solabarriak ere. Modu honetara Auzitegi Nazionalak auzi bakarrean batu ditu webguneari eta Gazte Danbadari zegozkien kasuak. Bietan “terrorismoa goratzea” egozten diete gazteei, Xabier Lopez Peña eta Angel Figeroaren heriotzen ostean egindako adierazpenengatik.
Bestetik Ernairen aurka egiteko txosten bana osatu dute Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Jarrai, Haika eta Segiren oinordeko izatea egozten diote ezker abertzaleko erakunde berriari.
Antolakundeak igorritako ohar batean, argitu dute ustez deklaratzera deitutako kideetako inork ez duela jaso oraingoz jakinarazpen ofizialik. Gehitu dute, estatuak betiko lan eskema berdinekin jarraitzen duela eta Euskal Herrian irekita dagoen joko zelai berrian komponbidearen alde urratsak eman ditzakeen edozein mugimendu zangotrabatzeko prest dagoela. Zentzu horretan oso larritzat jotzen dute, Estatuak Ernairen aurka abian duen kriminalizazio kanpaina.