Ernaiko kideek, turismo ereduaren aurkako manifestaziorako giroa berotzen jarraitzen dute. Asteazken arratsaldean Donostiako Alde Zaharrean turistek erabili ohi duten txu-txu trena geratu dute mozorrotuta "zuen turismoa gazteon miseria" salatuz.
"Prekarietatea eta gutxi batzuen aberastasuna besterik ez dakartzan turismo ereduaren aurrean, herria bizirik!", aldarrikatu dute, sare sozialetan zabaldutako mezu batekin.
Honela kontatu du gertatutakoa ekintzan parte hartu duen kide batek: "Tren aurrean dantzatuz gelditu da tena, turismoa = prekarietatea kartelak eskuetan genituela. Gero konfetia ere bota genuen, ez turistei kar, kar, kar. Kartelak itsatsi genituen trenean ta eskuorriak banatu turistei. Amaieran 'La Macarena' dantzatu genuen trenaren aurrean ta abestia bukatzean kendu egin ginen, trenak aurrera jarraituz bidean".
Trena geldi eduki dute Los del Trio taldearen 'La Macarena' abestiak iraun bitartean, lau minutuz.
Donostiako alkate Eneko Goiari "penagarria" iruditu zaio Diario Vascok "eraso" gisa definitu duen ekimena. "Zaila da ulertzea Txu-txu trena geratzea barruan doan gehiengoa haurra izanik eta ez dute zertan ezer ulertu eztabaida honetaz".
Eusko Jaurlaritzako kontseilari Arantxa Tapiak turismoaren eztabaida "albo batera uzteko eta gauzak ongi egiten jarraitzeko". Ernairen protestak erabat "negatiboak" direla azpimarratu du eta "zergatik ari diren horrela, eta zergatik une honetan" azaldu behar dutela.
Abuztuaren 17an manifestazioa deitua dute Donostian eta Gernikan.