Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan egin dute ekintza; Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegi atarian. Ertzaintza gazteen aurka oldartu da, eta Gasteizen bost pertsona atxilotu ditu.
Ernaiko kideak Bilboko Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan eta Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian kateatu dira, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze agindua salatzeko. Ostiral goizean izan dira ekintzak.
Eraikin horietan kateatu dira espetxeratzea Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu duelako, eta gazteen aurkako ikerketa "EAJren Ertzaintzak" abiarazi zuelako.
Bilbon bi pertsona kateatu dira eraikinean eta hamarnaka kidek eserialdia egin dute Moyuan eta errepidea moztu. Ertzaintzak protesta egin duten guztiak identifikatu ditu, eta gazteen aurka oldartu da.
Gasteizen ere Ertzaintzak protestan ari zirenen aurka jo du, eta bost kide atxilotu ditu, kateatuta zeuden biak eta babesa erakusten ari ziren hiru.
Zelaia eta Barbadoren aurka lau urteko espetxe-zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa agindu du Audentzia Nazionalak. "Material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egozten diete.
Mobilizaziorako deia
Goizeko ekintzekin Ernaik eta AnkerkeriariSTOP plataformak antolatutako mobilizazioetara batzeko deia egin dute. Ostiral arratsaldean Bilboko Moyua plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan. Mobilizazio nagusia Gasteizen izango da, irailaren 30ean. 18:30ean abiatuko da, Artium museoko plazatik.