argia.eus
INPRIMATU
Ernaik “osasun neurri eranginkorrak” exijitu dizkie Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari
  • Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzen aurrean prentsaurrekoa egin dute Ernai gazte antolakundeko kideek asteazken goizean. Pandemiak eragindako egoerak okerrerera egin ez dezan, "osasun neurri eraginkorrak" ezarri ditzaten eskatu dute. Sei neurri zehatz proposatu dituzte. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 04a
Ernaiko kideak Nafarroako Gobernuaren egoitzaren atarian. Argazkia: Ernai

Ernaik pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko sei neurri zehatz proposatu ditu eta hauek urgentziaz indarrean jartzea eskatu: garraio publikoa indartzea, maiztasuna eta irisgarritasuna handituz; hezkuntza ratioak jaistea, aldi berean ikasleentzako beharrezko baliabideak bermatuz hezkuntza presentzialean zein telematikoan; alokairuen ordainketak etetea, prezioen igoerak eragotziz eta etxegabetzeak geldituz; lanpostuak defendatzea, kaleratzeak eragotziz eta gazteen prekarizazioaren aurkako neurriak hartuz; oinarrizko errenta duina bermatzea diru sarrerarik gabe dauden edo hauek galdu dituzten gazteentzako; eta kriminalizazioa gelditzea, herritarren informazio eskubidea eta gardentasuna bermatuz.

Nafarroako Gobernuaren Iruñeko egoitzan eta Gasteizko Eusko Jaurlaritzako egoitzaren atarian batu dira COVID-19ak eragin duen egoeraren aurrean "osasun neurri eraginkorrak" eskatzeko. "Gure hautua, bizitzak" lelopean aldarrikatu dute pandemia gelditzeko neurriak behar dituztela behingoz, egoerak okerrera egin ez dezan. "Politika eraginkorra egiteko ordua da" gaineratu dute gazte erakundeko kideek. 

Politikarien "ardugabekeria" salatu dute, orain arte hartu diren "neurri arbitrarioak" ez direla nahikoak izan adieraziz. "Herritarrok prest gaude esfortzu hori egiteko, baina non daude baliabideak?" galdetu dute. Baliabide eza eta herritarren ongizatea ez dutela kontuan hartu leporatu diete Hego Euskal Herriko gobernuei.