Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.
Segurtasun Sailaren “partzialtasunagatik eta desproportzionaltasunagatik” helegiteak aurkeztea erabaki du mugimenduak. Isunen aurkako prozesu judiziala abiarazi dute azaroaren 28an. Jo puntuan jarri nahi dute Eusko Jaurlaritzaren erabakia, eta honekin batera, Euskal Herriko gazte mugimendu eta mugimendu sozialen eskubide zibil eta politikoen defentsa ere egin nahi duela adierazi du Ernaik.
2023ko irailaren 22an Bilbo eta Gasteizen bi gazteren espetxeratzea salatzeko hiri erdiguneko kaleak moztu zituzten. Espainiako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin zuten eserialdia Bilbon, eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoaren atarian Gasteizen. Aitor eta Galderren aldeko ekintzengatik 1.500 eta 2.500 euroko isunak jaso zituzten 133 kidek 290.500 euroko zigorra guztira.
Identifikatutako 133 gazteei mozal legea aplikatu diete. Bide, espazio edo establezimendu publikoetan desordena eragitea edo bide publikoa oztopatzea egozten diete. Mozal legea “modu neurrigabean” aplikatu izana salatu du Ernaik, eta Eusko Jaurlaritzak bere burua defendatu beharko duela nabarmendu du.
Helegiteak auzitegi ugaritan jarri dituzte eta ostegun honetakoak ziurrenik “mugarri bat” finkatuko duela esan dute Naizek jaso duenaren arabera. “Horren arabera beste epaiak baldintzatu daitezke”.
Orain arte jasotako “erasorik larriena” dela kritikatu badute ere, hilabete hauetan piztu den “elkartasun uholdea izugarria" izan dela adierazi dute. “Argi adierazi nahi dugu, guri baino garestiago irtengo zaie, gazte independentistak aurrera goazelako eta ez dugulako atzera urratsik emango”.