argia.eus
INPRIMATU
Ernaik jakinarazi du IA-rekin zuen aliantza bertan behera gelditu dela eta hezkuntza eremuan jarduteari ekingo diola
  • "Hilabeteak dira jada Ikasle Abertzaleak eta gazte antolakundeak urte luzez garatutako aliantza estrategikoa bertan behera gelditu zela, berau mantentzeko baldintzak sustengatzen zituzten adostasunak hautsi zirela iritzita", adierazi du ostiral arratsaldean Ernaik. Hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz hitz egiteko beharra sentitzen dutela adierazi dute, eta horregatik, eremu honetan jarduteari ekingo diotela.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 08a
Prentsaurreko jendetsua eskaini zuen Ernaik irakurketa hau plazaratzeko.

Jarraian Ernairen irakurketa osorik:

Hezkuntza eremuan jarduteari ekingo diogu

Ikasle borrokaz Euskal Herria sozialista eta feminista irabaztera goaz!

2013. urtean Ernai gazte antolakundea sortu genuenean, hezkuntzaren inguruko erabaki estrategikoak hartu genituen garaiko Ikasle Abertzaleak antolakundearekin batera. 25 urtez ikasle eremuan antolatzen zen mugimenduari zilegitasun eta konfiantza guztia eskainita, historikoki sustraitutako aliantzari heldu eta Ikasle Estrategiaren lanketa Gazte Estrategiaren baitan kokatzeko erabakia hartu genuen. Egun, zeharo aldendu da antolakunde bakoitzak hezkuntzaz eta eremu honetan egin beharreko lanaz duen ikuskera eta praktika politikoa.Horregatik, hilabeteak dira jada Ikasle Abertzaleak eta gazte antolakundeak urte luzez garatutako aliantza estrategikoa bertan behera gelditu zela, berau mantentzeko baldintzak sustengatzen zituzten adostasunak hautsi zirela iritzita.

2018. urtean Euskal Herrian bizi dugun abagune politikoak eta Ezker Independentismoaren erronkak kontutan izanda hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz hitz egiteko beharra sentitzen dugu; Euskal Herriaren burujabetza eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistema propioaren eraikuntzaren beharrak gaurkotasun osoa du egungo momentu historikoan. Bidenabar, arduragabekeria hutsa litzateke ikasle borroka Ezker Independentismoaren erronketatik kanpo ulertzea.

Sistema kapitalista patriarkalaren katebegi garrantzitsua da hezkuntza; zentzu horretan, borrokarako esparru ezin garrantzitsuagoa da bestelako bizi eredu baten eraikuntzan jarduten dugun gazteontzat. Gaur hemen elkartu garen ikasle eta gazteok ez dugu pretsonok merkantzia izatera bideratzen gaituen Hezkuntza Sistema arrotza onartzen jarraitu nahi. Uko egiten diogu pertsonok merkantzia bezala erabiliak izateari, ez dugu hezkuntza sistema enpresarien interesen araberako lan indarra sortzeko ekoizpen bitarteko bezala ulertu nahi. Ez dugu Madriletik eta Paristik inposatutako curriculumek gure herria ezabatzerik nahi, eta ez dugu tokian tokiko politikariek Hezkuntza Komunitatea isilarazterik nahi.

Burujabe izan nahi dugu; gure erabaki eta buruen jabe. Gure anbizio eta ametsak Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feministaren eraikuntzan ulertzen ditugu. Pertsona askez osatutako jendarte libre bat eraiki nahi dugu. Horrenbestez, ikasle borroka hezigunez hezigune garatu behar dela ulertzen dugu, tokian tokiko borroketatik egunerokotasuna iraultzeko anbizioarekin. Euskal Herrian, hamaika egitasmo dira honen adibide, hezkuntza esparruan ere bai. Horiekin guztiekin batera egin nahi dugu burujabetzarako bidea. Izan ere, Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propioa eta burujabearen aldeko olatua Hezkuntza Komunitate osoarekin elkarlanean egin behar dela deritzogu.

Euskal Herriko Langile eta herri sektore zapalduen mesedetara egongo den hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida bizi-bizi dago. Hezkidetzatik hasi eta euskalduntzera, klase edota arraza segregaziotik, ikasleok subjektu bezala aitortzen gaituen Hezkuntza Sistemara. Lehen pertsonan interpelatzen gaituzten eztabaidak dira hauek eta gu geu izan behar gara Euskal Herria sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko klabeetan borrokatzen ditugunak. Inposizio español, matxista eta autoritarioa parez pare lehiatuko dugu. Sistema kapitalista eta patriarkalaren ereduarekin lehian, kaleak hartu eta proposamen berriak praktikara eramanez.

Guzti honengatik, hezkuntza eremuan jarduteari ekingo diogu Ernai gazte antolakundeko kideok eta Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propioa eta burujabearen eraikuntzan antolatu, dinamikak planteatu eta hausnartzeko konpromisoa hartzen dugu. Izan ere, historikoki mantendutako aliantza estrategikoaren agorpenaren ondorioz, ez dugu erronka hauei heltzeko asmorik duen ikasle antolakunderik aurkitzen. Hori horrela, Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldunera bidean, beharrezkoak diren tresnak jarriko ditugu martxan. Ezin dugu hezkuntzatik Herria eraikitzeko parez pare daukagun aukera galtzen utzi. Ikasle borrokaz Euskal Herria sozialista eta feminista irabaztera goaz!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora euskal gazteria!

Gora ikasleon borroka!

Gora Ernai!