argia.eus
INPRIMATU
Ernaik isunak salatu eta independentzia aldarrikatu du Donostiako manifestazioan
  • Amaiur Egurrola Ernairen bozeramaileak azaldu du Ernairen aurkako operazioari erantzuteko bildu direla, “baina batez ere gazteria independentista kalean dagoela esateko”. Eusko Jaurlaritzak ia 300.000 euroko isuna ezarri die Ernaiko 133 kideri, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egin zituzten bi ekimenetan identifikatu ondoren.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 09a
Donostiako kaleetan egin du manifestazioa Ernaik. Argazkia: Ernai.

Kontxako estropadak bukatu ondoren egin du manifestazioa Ernai gazte antolakundeak. “Bat eginez independentziara” leloa erakutsi dute pankartan eta bidean ondoko leloak entzun dira: gazte borroka, gazte antolakuntza, euskal gazteria aurrera eta ez gaituzte geldituko.

Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak adierazi du manifestazioaren helburua “Donostiako kaleak independentziaren aldarriz betetzea” izan dela. Azpimarratu du Ernairen kontrako operazioak “posizio politiko bat isilarazteko nahia” duela: “[Posizio hori] gazteria independentistarena da eta horregatik kaleak hartzen jarraituko dugu”. Gogorarazi du isunaren ondoriozko behar ekonomikoei erantzuteko crowdfunding kanpainak martxan segitzen duela. Euskal gazteriari hemendik aurrera antolatuko dituzten ekimenetan parte hartzeko deia egin dio, eta bereziki, udaberrian egingo duten “Gazteon eskutik” ekimenera gonbidatu ditu gazteak.

Ia 300.000 euroko isuna

Maiatzean, isunaren berri jakinda, "Ernai ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen" saiatzea leporatu zion gazte antolakundeak Eusko Jaurlaritzari. Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egin zituzten bi ekimenetan identifikatutako 133 kideei, bakoitzari 1.500 eta 2.500 euro arteko isunak bidali zizkien Jaurlaritzak Mozal Legea baliatuta. Guztiak batuta, orotara 290.500 euro dira.

https://x.com/GureBideoak/status/1832763975781515614