Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta "neurrigabekeriaz" jokatu izana baieztatzen dute lehen ebazpen horiek. Nahiz eta beste hiru epaiketa gelditzen diren oraindik argitzeko, lehen sententzia horiek gainontzeko kasuetan "eragina" izanen dutela uste du Maddi Bilbao abokatuak.
Jaurlaritzaren aurka aurkeztutako helegiteen lehen ebazpenak jakin eta biharamunean zabaldu du bere irakurketa Ernai erakundeak prentsaurreko bidez: "Izugarrizko garrantzia" du epaiak, hain justu, argi uzten dituztelako Segurtasun Sailak gazte independentisten aurka bideraturiko "desproportzionalitatea" eta "arbitrarietatea". Orotara, isun guztiak batuz, 290.500 euroko zigorra bideratzea "erabaki politikoa" izan dela frogatzen dute abenduaren 18an jasotako lehen ebazpenek: "Ernai zein gure proiektua deserosoa zaie. Eta oraindik deserosoagoa zaie independentziaren alde lerratzen garen eta antolatzen garen gazteak geroz eta gehiago izatea".
Ernaiko bozeramaile Amaiur Egurrolak eta abokatu Maddi Bilbaok egin dituzte adierazpenak kazetarien aitzinean. Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoaren sententzia esku artean zabaldu dute beren irakurketa, argi utziz ebazpen guztiak ez dituztela oraindik argituak eta jakinak. Gasteizko gertakariak aztertzen dituen sententzian, Ernaik jarritako helegitea erabat onartu izanak ondokoa argi utzen du: "Ez zela desordena publikorik egon; are eta gutxiago horiek larriak izan zirenik; eta administrazioak inondik inora ez duela frogatu mobilizazio horretan parte hartu zuten pertsonek gainontzeko herritarren segurtasuna arriskuan jarri zutenik". Bilbokoari dagokionez, partzialki onartu zaie helegitea, "desordena publiko larriak" egon izana ez duelako baztertu epaileak, nahiz eta aitortu administrazioaren partetik egondako "kontraesanak" eta "froga gabeziak". Epaileak egindako desordena publikoaren inguruko interpretazioarekin ez du bat egiten Ernaik, eta baliteke helegitea jartzea.
Egurrolak ondokoa nabarmendu du: "Gezur bidez, gertakariak manipulatu, behar izanik gabeko operazioa aktibatu, herritarrei errua egotzi, eta hori guztia epaitegietan justifikatzen saiatu dira". Jaurlaritzaren jokabide "izugarri" horiek gelditzeko asmoz jo zuten epaitegietara, eta horretan segituko dutela argi utzi du Ernairen bozeramaileak, "egoera larria delako eta buelta eman behar zaiolako". Orotara, kasik 300.000 euroko isuna lukete ordaindu behar, 133 gazte independentistei jarritako zigorren harira, eta hori, justu, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze agindua salatzeko Gasteizen eta Bilbon egindako kateatze eta errepide mozketengatik.
Epaitegiak "borroka eremutzat" dauzka Ernaik, eta hori hiru arrazoiengatik, gutienez: "Administrazio publikoak, eta kasu honetan Segurtasun Sailak, egindako jardun desegokiak salatu behar direlako"; Ernairen aurkako jardunbide hori ez gelditzeko bestelako herritar eta herri mugimenduen aurka baliatu dezaketen "aurrekari gisa"; eta azkenik, gazteria independentistaren kontrako operazioa geldiarazteko.