argia.eus
INPRIMATU
Ernaik Berriozarren egingo du Gazte Topagunea, apirilaren 17tik 20ra
  • Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko guztietako gazteak bildu eta indarrak batzeko modua da".

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 13a
Gazteon Eskutik ekimenaren aurkezpena, Iruñean. Ernai

Gazte antolakundeak asteazkenean Iruñeko Laban eginiko aurkezpenean azaldu duenez, Euskal Herriko askapen prozesuari nahiz mundu mailako erronkei dagokienez testuinguru "erabakigarria" da egungoa: "Nazioarteko erronkei erantzuteko beharrezkoa da burujabetza eskatzea. Bidegurutze historiko honetan, independentzia da posizio eraldatzaileetara bultza egiteko bide bakarra". 

Hitzaldi sorta antolatu du Ernaik, eta horietan "puri-purian" dauden gaiak jorratuko dituzte: etxebizitza, euskara, klima larrialdia, ikasle borroka edota feminismoa, besteak beste. Horretarako, hitzaldietan arituko diren hainbat aurpegi ezagunen izenak ere ezagutarazi dituzte: Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Idurre Eskisabel, Iñigo Ranero, Jule Goikoetxea, Maider Galardi, Lander Garcia edota Ibai Zabala izango direla aurreratu dute. Horrez gain, tailerrak, zunba musikatuak nahiz proiekzioak ere egingo dituzte.

Musika eskaintza anitza ere izango da lau egunetan zehar. Iruñerriko eszenari eta Euskal Herriko gazte sortzaileei garrantzia eman nahi izan diotela azaldu du Ernaik. "Sorpresaren bat" oraindik iragartzeko dagoela ohartarazi arren, aurreratu direnen artean Olatz Salvadorrek, Nogenek, Sukenak edota Skabideanek girotuko dituzte Berriozarren (Nafarroa) bilduko diren milaka gazteak.

Gazteon eskutik 2025