Ekainaren 15ean hasiko da iazko maiatzaren 7an Bilbon atxilotu zituzten zazpi gazteen aurkako epaiketa. Haiei babesa adierazteko manifestazioa egin dute larunbatean Bilbon, Ernaik deituta.
"Gezurrez beteriko epaiketa hau onartzen ez dugula aldarrikatzeko irten gara kalera", adierazi du Ernaik. "Ez gaituzte gelditu eta ez gaituzte geldituko. Gazteok, bizitza duinen alde borrokatzen jarraituko dugu".
Gezurrez beteriko epaiketa hau onartzen ez dugula aldarrikatzeko irten ginen atzo kalera. ????Ez gaituzte gelditu eta ez gaituzte geldituko. Gazteok, bizitza duinen alde borrokatzen jarraituko dugu. Gazte borrokak merezi du! pic.twitter.com/mf4Ise4Zen
— Ernai (@ernaigazte) June 5, 2022
Tentsio uneak
BBVAk Kale Nagusian duen egoitzaren parean tentsio uneak izan dira manifestarien eta Ertzaintzaren artean. Gazte batzuek afixak itsatsi dituzte paretan. Ertzainek neska bat identifikatu eta manifestazioaren aurrean hesia osatu dute. Bost minutuz geldirik egon da manifestazioa, eta aurrera egin duenean Ertzaintzak gertutik jarraitu du.
Manifestazioa amaitzean, Asier Alcedok, epailearen aurrean deklaratuko duen gazteetako batek, egunotan jasotako elkartasunagatik esker ona adierazi du, eta gaineratu iazko mobilizazioetan "gazteen bizitza duinaren alde borrokatu" besterik ez zutela egin. "Poliziaren muntaia" salatu du, "gezurrez betetako" atestatua oinarri duena.
2021eko maiatzaren 7an atxilotuak
Ernai gazte antolakundeak manifestazioak egin zituen 2021eko maitzaren 7an Euskal Herriko hainbat hiriburutan “gazteek bizi duten larrialdi egoera salatzeko eta eraldaketa soziala eta burujabetza aldarrikatzeko”. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu zituen Bilbon, eta beste bat Gasteizen.