Bi herritarri kartelak jartzeagatik ezarritako isunari aurre egiteko, abenduaren 22an 22:00etan Eskilarapekon kontzertu solidarioak antolatu dituzte: Ai Ama!!, Makis eta The Sonic Sactuary taldeak izango dira.
Joan den maiatzaren 18an, udaltzaingoak ordu erdi baino gehiagoz atxiki zituen Ermuko bi bizilagun kartelak ipintzen ari ziren bitartean.
Aurrerago, Ermuko Udalak Segurtasun Sailaren aurrean salaketa jartzea erabaki zuen, Mozal Legea aplika diezaieten, kartelak itsasten zituzten bitartean identifikatzeari uko egiteagatik.
Uste dugu oso larria dela udal batek Mozal Legea bere auzokideen aurka erabiltzea, are gehiago, alderdi guztiek lege hau salatu dutenean, PPk eta VOXek izan ezik.
Gure ustez, oso larria da udala bere bizilagunen adierazpen askatasuna erreprimitzen aritzea, herriko kolektibo eta mugimendu sozialek jartzen dituzten kartelak eta pankartak sistematikoki erauziz, batez ere errebindikaziokoak badira, oinarrizko eskubide bat mugatzeko helburu bakarrarekin sortutako udal-ordenantza batean oinarrituta (udalak berak nahi ez duenean betetzen ez duena).
Oso larria da udala bere bizilagunen adierazpen askatasuna erreprimitzen aritzea, herriko kolektibo eta mugimendu sozialek jartzen dituzten kartelak eta pankartak sistematikoki erauziz
Gure ustez, botere gehiegikeria da udalak herritarren askatasunak zapaltzea, udaltzaingoa erabilita. Eta uste dugu, halaber, bizikidetzak askatasunekiko eta oinarrizko eskubideekiko errespetuaren eskutik datorrela.
Horregatik, behean sinatzen dugun Ermuko kolektibo eta erakundeok honako hau eskatzen diogu udalari:
1. Salatutako herritarrek jarritako helegiteari jarraiki, bi bizilagun horien aurkako salaketa kentzea.
2. Herritarren askatasunen errepresioa bertan behera uztea eta helburu horretarako udaltzaingoa ez erabiltzea.
3. Udalak herritarren adierazpen askatasuna errespetatzea, eta herriko elkarte eta erakundeok jartzen ditugun kartelak eta pankartak modu sistematikoan erauzteari uztea.
Eskubide honen erabilera mugatzeko garbiketako udal ordenantza ez erabiltzea eskatzen dugu, eta herriko elkarte guztiekin elkarrizketaren bidez, gure kaleen estetika babesteko alternatibak bilatzeko proposatzen dugu, aldi berean gure biztanleen adierazpen askatasuna hedatzeko gune irekia izan daitezen ahalbidetuta.
Ermua herri bizi, dinamikoa, parte-hartzailea, anitza, inklusiboa, solidarioa eta askea izatea nahi dugulako.
*Sinatzaileak: LAB, ELA, ESK, Ermuko Emakumeen Asanblada, NUSHU - Emakume Gazteak, Zipriztintzen - Gizon Taldea, Ermuko Gazte Asanblada, Ermuko Komite Internazionalista, Sare, Ernai.