Ermuan herrirren aurrean azalpenak eman dituzte otsailaren 17an Zaldibarko krisi mahai teknikoko kideek. Hamar teknikari mahai handi batean, Antzokiko eszenategi gainean. 500 herritar aurrean, eta atarian pantaila handi bat, jendeak kaletik ere jarraituko zuena. "Zaldibar Argitu!" pankartari helduta kide zenbait, ate ondoan. Herritarrek beren kezkak argi adierazi zituzten. Osasunaren inguruan teknikariek emandako azalpenek eragin zuten zalapartarik handiena.
Hauek dira azalpenak eman zituzten kideak: Jesús Peña Martinez, Jaurlaritzako lehendakaritzako idazkari nagusia; Ignacio Berraondo, Jaurlaritzako Osasun sailburuordea; Arkarazo Zabalaga, Ingurumen teknikaria; Joseba Bidauzaga, Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari-ordea; Iñigo Elosegi, Gipuzkoako Ur kontsortzioko zuzendari gerentea; Saioa Ferro Jaurlaritzaren Aire arduraduna; Josu Perea Uraren (ibaiena) kalitatearen euskal agentziako kidea; Iñaki Arrate, Jaurlaritzaren Planifikazio arduraduna eta Hipolito Bilbao, Ingurumen Baimen Bateratuen zerbitzuen arduraduna.
Dioxina eta furanoak: osasuna kezka eta haserrre iturri
Jeus Peñak azaldu du egunero egin direla airearen ohiko neurketak. Baina dioxina eta furanoa aztertzen duten laborategiak Espainiako estatuan bi baino ez direla: Madrilgoa (CSIC) eta Bartzelonakoa eta "Europan ez daude askoz gehiago". Otsailaren 9an hartu zuten lagina, bakarra, zabortegitik ahalik gertueneko puntu batetik: "Horrela egin genuen, garantistak izan nahi genuelako". Bost egun behar ditu laborategiak emaitzak lortzeko, eta otsailaren 14an, emaitzak jaso orduko egin zituzten publiko.
Geroztik 4-5 puntutako laginak hartu dituzte, azkenekoa 16 gauean. "Emaitzak 20an edo 21ean jasoko ditugu. Sua itzaliko balitz ere, osasunean eman ditugun gomendioei eutsiko diegu".
Joseba Bidauzaga: "Orain lasaitu txiki bat hartu dezakezue, haizea beste norabide batean doa-eta"
Joseba Bidauzagaren azalpenek eragin zuten haserre handiena publikoan. Epidemiologoa dela adierazi zuen, eta dioxinen %95a elikaduratik jasotzen dituela gorputzak, eta %3 airetik "nahiz eta horrelako suteen ondorioz, airetik jasotzen den portzentajea handitu egiten den". Kopuruak hirietako kutsadura baino 50 aldiz handiagoak izanda ere, "oso kantitate txikiak dira" adierazi zuen, eta denbora luzean zehar pilatzea dela arriskua nabarmendu zuen, urteetan dioxinak arnastuta gantzetan pilatzen direlako, eta bi aste denbora gutxi dela. "Ez dago frogatuta orain arnastuko diren dioxinek minbizia eragingo dutenik zuzenean. Beste hainbat faktorek eragingo dute. Noski, hemendik urteetara minbizia duena, sute honekin gogoratuko da, gaixoek joera dutelako errua zerbaiti botatzeko". Publikoaren erantzuna ozena izan zen.
Bidauzagaren beste esaldi bat "gainera orain lasaitu txiki bat hartu dezakezue, haizea beste norabide batean doa-eta". Sekulako zurrunbiloa sortu zen.
Une honetan dagoen dioxina kopuruak arnastearen kaltegarritasunari garrantzia kendu zioten osasun teknikariek, ez dagoela frogatzerik, zigarroa errez gehiago barneratzen dela, eta abar adieraziz. Publikoa ez zuen lasaitu erantzun mota horrek.
Eskolara ez du umerik bidaltzen etxe askok
San Lorenzo ikastetxea da zabortegitik gertuen dagoena, otsailaren 18an osasun saileko teknikariak bertako familiekin bildu ziren, osasun gomendioak emateko. Publikotik adierazi dute ume askok utzi diola eskola joateari. Ama batek azaldu du berak ere nahiago lukeela umea etxean edukitzea, baina lanera joateko eskolara bidali beharra daukala, eta horrek sortzen dion angustia transmititu du.
Emakumeak dira etxekoen osasunaz gehien galdetu dutenak, eta hauek ez dute erantzun zuzenik jaso: Ama batek azaldu du bere semeak asma duela, eta sutearen lehen egunetik ito beharrean jarri zela. Osasun etxera deitu eta haiek ez zutela inongo berririk erantzun ziotela, 112ra deitu eta "ez omen da larria" erantzun ziotela. "Bilbora eramaten dut eguna pasatzera. Etxeko leiho eta pertsianak itxita izaten ditut, eta gauean etxean sartu orduko eztulka eta begiak malkotan jartzen da. Kasualitatea? Zer egin behar dut semearekin?". Ez zuen erantzunik jaso.
Kalera atera bai, baina dioxinen aurrean egon gabe
"Lasaitasun mezua eman nahi dugu. Dioxinen aurrean egotea da saihestu beharrekoa, baina ez dugu esaten kalera atera ezin dugunik. Eguneroko bizitza normalarekin jarraitu behar dugu. Gomendio hauek guztiak eman ditugu, garantistak izateko, ez berez osasunean kalte handia ekarriko digutelako". Publikotik gai honetan egindako galderak txalo zaparrada eragin zuen: "Garantistak izan nahi zenutela diozue, prekauzio printzipioa izan dela oinarri, orduan, zergatik komunikatu zenituzten neurri horiek hain berandu? Zergatik ez sutea hasi orduko?".
Publikotik egindako beste galdera bat hauxe izan zen: "Diozue uraren eta airearen kontrolak emandako emaitzak ez direla batere kezkagarriak, eta ez duzuela uste horietatik emaitza larririk jasoko denik gero ere. Zergatik egiten dira, orduan, hainbeste datu bilketa eta froga? Zerbait garrantzitsua aurkitzea espero ez bada?".
Produktuak merkaturatzen dituen etxe bakarrari debekatu egin diote
Dioxina gehien elikaduratik hartzen da. Horregatik, produktuak merkaturatuz bizi den ekoizle bakarrari debekatu egin diote bolada batean horrela egitea.