argia.eus
INPRIMATU
Erloju adimendunak, gurasoen kontrol gosea asetzeko
  • Udako oporrak gainean, non dagoen uneoro jakiteko erloju adimenduna erosi diozu seme-alabari? Ez duzu bakarrik uzten, arduraz jokatuko ez duen beldurrez? Egungo belaunaldi gaztea inoizko kontrolatuena dela diote The Guardianen, eta dagoeneko adinez nagusi diren heldu gainbabestuak ikustea ez da hain arrotza.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko uztailaren 17a
Adierazi dute Z deituriko belaunaldia dela inoizko monitorizatuena gurasoen aldetik. Argazkia: Freepik

Haur eta gazteek etxean (eta Interneten) denbora asko eta kalean gutxi ematen dutela kritikatzen dugu, baina aldi berean aske ibiltzea murrizten, mugatzen eta espazioak ixten dizkiegu, adierazi dute kultura digitalean aditu diren The Guardian egunkariko kazetariek. Helduok gure haurtzaroan auzotik bizikletan orduak ematen genituela, baina heldu horiek gaur egun seme-alabei non dauden jakiteko GPS gailuak jartzen dizkietela, kontrol erregularrak ezartzen dizkietela eta darabiltzaten sare sozialak miatzen dituztela diote, Z deituriko belaunaldia dela inoizko monitorizatuena gurasoen aldetik.

Azken finean, hainbat gailu eta teknologiak ez ote duen sortu haurrak etengabe monitorizatuta izateko beharra eta adikzioa.

Norbere beldurrek, seme-alabak babesteko nahiak, konfiantza faltak, bide zuzena egingo dutela ziurtatzeko asmoak… seme-alabak gehiegi kontrolatzera garamatzate batzuetan, eta haiengatik kezkatzea logikoa eta naturala den arren, gehiegizko kontrolak ageriko ondorio negatiboak izan ditzake. Adituek garbi diote: frustrazio, arazo, min eta ondoez guztiak saihesteak ez dio utziko haurrari horiei aurre egiteko estrategiak garatzen; are, ez du ikasiko bizitzako gertakari txarrak toleratzen; uste dugunaren kontra, autoestimuan, konfiantzan eta segurtasunean ere ez diogu batere mesederik egingo; zer esanik ez autonomia eta independentzian, pertsona menpeko bihurtuko ditugu.

Gainbegiratzea, akonpainamendua egitea, aholkatzea, laguntzea, irakastea… ongi dago, baina manipulatzea, haien ordez erabakitzea edota autonomiarik ez ematea ez da bidea, huts egiten ere utzi behar zaie, diote adituek.

Lagun irakasleak kontatu du unibertsitatean ikasten ari den gazteari nota aldatzeko eskatzera joan zela lehengoan haren ama, irakaslearengana

Unibertsitatera eta medikuarenera, gurasoekin

Gaia atera da gure lagun taldean, eta gehiegi babesturiko seme-alaben adibideak haizatu ditu bakoitzak, seinale zenbateraino dagoen zabalduta. Kuriosoa da, gainera, adibideak ez direla haurrenak izan, jada helduaroan dauden (behar luketen) seme-alabenak baizik. Lagun irakasleak kontatu du unibertsitatean ikasten ari den gazteari nota aldatzeko eskatzera joan zela lehengoan haren ama, irakaslearengana; medikuak kontatu du behin baino gehiagotan gertatu zaiela paziente gazteengana (eta ez hain gazteengana) zuzendu eta galderak ondoan duen gurasoak erantzutea, esan behar izateraino galderak pazienteak erantzun behar dituela (zeina isilik eta otzan egon ohi den), ez gurasoak; eta supermerkatu batean lanean ari den lagunak azaldu du gazte bat bertan lanean hasi eta hurrengo egunean haren ama etorri zela, langilearen arropa itzultzera eta azaltzera semeak ez zuela gehiago han lan egingo.

Gaiaz gehiago: Haur babestuegiak. Seme-alaben esanetara