Haizea Belarra nafarra ari da buru-belarri Berako Erlanki erlezaintza proiektuan, baina Mikel Lertxundi bikotekideak ere garrantzia handia du, beraren bidez hasi baitzen Belarra erlezaintzaren munduan pixkanaka sartzen: “2015ean hasi zen bikotekidea erleekin, ni orduan sukaldaritzako irakasle lanetan ari nintzen”. 2017an haurdun gelditu zenean, ordea, lana uztea erabaki zuen, eta denbora gehiago libre zuela-eta, Lertxundik afizio zuen jardun horretan laguntzen hasi zen. “Poliki-poliki hasi nintzen, baina geroz eta denbora gehiago eskaintzen nion… eta, azkenean, Mikelen afizioa bihurtu zen nire ofizio!”.
Modu profesionalean ez bazen ere, erleekin bazuten harremanik lehenagotik Lertxundiren etxean. “Mikelen gurasoek betidanik izan dituzte polinizaziorako erleak baratzean, baina horiek ez ziren eztia ekoizteko helburuarekin jarriak, baratzearen onurari begirakoak baizik”. Bestalde, osaba batek ere bazituen erleak eta eztia ekoizten zuen. Istripu baten ondorioz utzi egin behar izan zuen, eta erreleboa Lertxundik hartu zion. “Erleak eman zizkion osabak, eta baita erlategiak eta material guztia ere”, azaldu du Belarrak.
Horrela sartu zen erlezaintzaren mundura Lertxundi, osabaren, gurasoen eta bikotekidearen beraren laguntzarekin. Eta horrela pasatu zen, gerora, Belarra proiektuaren ardura hartzera. “Ni, oraindik, ikasteko prozesuan ari naiz. Mikel da nire irakaslea, hasi zenean ikastaro eta formakuntza ugari jaso baitzituen”, dio. Erbel erle beltzaren aldeko elkartearekin badute harremana, eta bere garaian Lertxundi bertan aritu zen lanean. “Erle beltzarekin ari gara lanean, bai, bertako erlearekin. Nola bestela?”, galdetu du Belarrak.
Lau ezti mota ekoizten dituzte Erlankin, udaberriko bi eta udako beste bi. Baina ez hori bakarrik: lore-hautsa, propolia eta animaliak bizirik ere saltzen dituzte, paketetan edo nukleotan. “Aurten erregina-jelearekin hasteko asmoa dugu, baina ikusiko da, erditzeko gutti falta zait-eta”, dio erlezainak. Produktu horiek guztiak hurbileko denda txikietan eta azoketan saltzen dituzte batik bat, eta etxean bertan ere bai.
Belarrak nabarmendu duenez, urteotako ikasketa prozesuak erlezaintzan sakontzeko ez ezik, kontzientzia hartzeko ere balio izan dio: “Hau ez da erlezaintza bakarra, anitz ikasten da gure inguruaz ere, naturak duen garrantziaz ohartzeko bide bat da”. Barroa gaixotasuna, liztor asiarra eta beste hainbat zailtasun medio, erlezain izatea geroz eta zailagoa dela dio, baina bestetik, sumatzen du jendea pixkanaka kontzientzia hartzen eta hurbileko eta kalitatez ekoitzitako elikagaiak baloratzen. “Kontua ez da eztia kontsumitzea soilik, da ohartzea horretarako erleak beharrezkoak direla, naturak aitzinera egiteko beharrezkoak diren bezala”.