Erleak, polinizazioa… Behin eta berriz zein garrantzitsua den erlearen lana, landareen ernalketa. Lan horretan eragozten diona gizakia da, gizakiak jartzen dizkio zailtasunak eta gizakiak akabatzen du erlea: erlearen lana zuzenki ikusten ez dugun bezala egiten ditugu zuzenki ikusten ez ditugun kalteak.
Liztor beltza (Vespa velutina nigritorax) ez zen kasualidadez etorri, ez da gai Asia iparraldetik Frantziara hegan joateko, gizakiak ekarri zuen 2004. urtean. Egungo materialen esportazioak ez ditu produktuak bakarrik esportatzen, tartean intentzionalki ekarri nahi ez diren espezie inbaditzaieak ere esportatzen ditu; horrela iritsi zen liztor beltza Frantziara egurrez kargatuta zegoen itsasontzi batean… Gaur egun liztor beltza da erlearen etsairik handienetakoa.
Liztorrak oso hazkunde azkarra du, urtean 200-400 erregina berri ateratzera iritsi daiteke.
Liztorrak bi apitan egiten du bizitza, udaberri hasieran hazkunderako erabiltzen dituzten api txikietan eta ondoren bigarren apia deitzen zaionetan: azkenengo hau izaten da api nagusia.
Liztorraren elikagaietako bat da erlea, hori da liztorra erlearen etsai dela esateko arrazoia. Liztor batek egunean 3-4 erle akabatzen ditu elikatzeko, 200 liztorreko api batek 4.000 erletik gora astean. Liztorrak erleak ehizatzeko erlauntzen aurrean jartzen dira hegan eta erlea erlauntzatik atera arte itxaroten dute: erlea atera bezain laster harrapatzen dute liztorrek.
Erle batek egunean 1.000 lore inguru ernaltzen ditu, beraz, atera kontuak liztorraren ondorioz zenbat lore geratzen diren ernaldu gabe.
Tranpatze bidez saia gaitezke liztorraren hazkundeak gorantz jarrai ez dezan, tranpatzeek erregin kopurua jaisten dutelako eta horrek inguruan apiak gutxiagotu.
Hau ez da erleen arazoa soilik eta ezta ere erlezainena, arazoa denona da.
Liztorra ekarri genuen baina ezin dugu berriz bere lurraldera bidali, erleak harrapatuz jarraituko du erlerik gabe geratu arte.