Bigarrenean bai. Joan den martxoan, Europako Elikadura Katearen eta Animali Osasunaren Batzorde Iraunkorra bildu zen, EBk proposatuta, hiru intsektizidaren debekuaz eztabaidatu eta bozkatzeko. Debekuaren aldekoak gailendu ziren, baina ez gehiengo nahikoaz. Astelehenean, Europako Apelazio Batzordean berriz bozkatu zuten, eta hamabost estatuk eman zuten imidacloprid, tiametoxam eta klotianidina debekatzearen aldeko bozka, martxoan baino bi gehiagok.
Zortzik bozkatu dute kontra, eta lau abstenitu dira. Gehiengoak loteslea izan gabe jarraitzen du, baina oraingoan Europar Batzordeak bere proposamena aurrera eramatea ebatzi du. Alemaniak botoa aldatu izana erabakigarria izan da, nonbait.
Datorren abenduan jarriko da indarrean debekua, eta ez uztailean, hasiera batean Europar Batzordeak iragarri zuen bezala. Izan ere, denbora eman nahi diete nekazariei hazi berriak erosteko. Gogoan hartu behar da debekuarekin batera, hiru intsektizidekin tratatuak izan diren haziak saldu eta erabiltzea galaraziko dela.
Neurria ez da erabatekoa, ordea. Printzipioz bi urteko iraupena izango du, eta lau laboreri baizik ez die eragingo: ekilorea, koltza, kotoia eta artoa.
Aldi baterako merkatutik kenduko dituzten hiru substantziak neonikotinoideen familiakoak dira, eta hainbat ikerlanek frogatu dute erleen populazioaren beherakadarekin zerikusia daukatela.
Tiametoxam Syngenta multinazionalak ekoizten du, eta gehienbat Cruiser izen komertzialarekin saltzen da. Imidacloprid eta klotianidina beste erraldoi batek saltzen ditu, Bayerrek. Lehenbizikoak izen komertzial asko ditu, akaso Gaucho da zabalduena; eta klotianidina, berriz, Poncho izendapenarekin ikusiko duzu dendetan, besteak beste.
Syngenta zein Bayerreko bozeramalek haserrea agertu dute Europar Batzordearen erabakia dela-eta, baina hiru plagizida neonikotinoideok guztiz debekatu ez izana haien garaipen txikitzat har ere har daiteke.
ARGIA astekariaren 2.366. zenbakian argitaratu genuen erreportajeak konpainia biek azken urtean egindako lobby kanpainaren berri ematen du.