argia.eus
INPRIMATU
Erle beltza mehatxupean
  • Badira sei urte nire lehen erlezaintzako ikastaroa egin nuela. Gaur gaurkoz erlezaintza da nire ogibidea.

    Lehen erleak erosi nituenean ez nekien arraza ezberdineko erleak zeudenik ere, auskalo zer erosiko nuen bakarren batek "erle beltza izango da, ezta?" galdetu zidan arte. “Erle beltza” zeri deitzen zioten aztertzeari ekin nion eta Erbel elkartearekin egin nuen topo.

Mattin Jauregi Balerdipeko erleak @balerdipeko 2024ko irailaren 08a
Argazkia: erbel.eus

Erbelen helburu nagusia Apis mellifera iberiensis bertako erlearen hobekuntza programa sortzea eta aurrera eramatea da.

Urte askoz bertako baldintzetara egokitutako erleak erabilita, ekoizpenak hobetu, agresibitatea murriztu eta barroarekiko erresistentzia handitu nahi dute; horretarako, ezaugarri egokiak dituzten erleak bereizten dituzte hurrengo belaunaldietako erreginak hazteko.

Gauza jakina da tokian tokiko erle populazioek badutela dibertsitate maila egoki bat bere inguruneko aldaketetara eta ekosistemako baldintzetara egokitzeko eta, ondorioz, tokian tokiko populazioak produktiboagoak dira beren ekosisteman daudenean. Zehazki, Iberiar penintsulako populazioa bere ingurunera ongi egokitua egonda ere, defentsa izaera handia erakusten du (erasokorra da), erlekumea botatzeko joera du eta barroa akaroak jo dezake. Hiru ezaugarri horiek ez dira desiragarriak erlezainentzat; izan ere, batetik, erleak mantsoagoak balira, errazago lan egin ahalko litzateke egunerokoan, eta erlezainak gehiago gozatuko luke haiekin; bestetik, erlekume gutxiago botako balute, erlezainak lan gutxiago izango luke eta ekoizpen handiagokoak izango lirateke; eta, azkenik, barroari aurre egiteko gauza balira, akarizida gutxiago beharko litzateke eta maneiua erraztuko litzateke. Horrek guztiak, gainera, ekoizpena handituko luke.

Badira erle arraza jakin batzuk izaera desiragarriagoak dituztenak, genetikoki hobekuntza horiek garatuak dituztenak eta erlezaintza modernoan erraz erosi daitezke arraza horietako erleak. Horrelako arrazetako erleak gure ingurura ekartzeak arazo larriak dakartza.

Erlauntza bakoitzeko erreginak hegan estaltzen dira eta arazoak estalketan sortu daitezke, ez dagoelako erlezainaren esku ze arrazatako erlemandoekin estaliko diren. Gure arrazaren dibertsitate genetikoa aldatuko litzateke beste arraza bateko erlemandoekin estaliko balira. Horrek, bertara ongi egokituta dagon arrazaren geneak aldatuko lituzke bertara egokitu gabeko erlemandoaren geneekin. Erregin horren arrautzetatik jaiotako erleak hibridatuak izango lirateke eta bere biziraupenean arazoak izango lituzke gure ingurumenera egokitu gabeko genetika izango luketelako.

Beraz, erlezainen erosotasunak eta ekoizpen altuen interesak bertako arraza kolokan jarri du, norberaren gustuko jokaerak dituen erleen arrazak ekarrita.

Erbelen lanari esker bertako erleengan izugarrizko hobekuntzak ikusi dira eta erle beltza, bertakoa, beste arraza erakargarrien mailan jarri du.

Saia gaitezen gure erlearekin lan egiten!