argia.eus
INPRIMATU
Erkorekaren arabera Blue Lives Matter polizia mugimenduak ez du urratzen Ertzaintzaren kode deontologikoa
  • Ertzain batek AEBetako eskuin muturreko elkarte horren jertsea jantzi zuen EITBren Baserria saioan. Barne Sailak ez du poliziaren aurkako neurririk hartu.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 19a

Iragan martxoaren 14an Gontzal Viaga Rodríguez ertzainak Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) lelodun jertsea jantzi zuen EITBko Baserria saioan. Blue Lives Matter 2014an sortu zuten New Yorkeko hiru poliziak. Mugimenduaren lelo eta irudiak AEBetako eskuin eta eskuin muturraren artean hedatu dira. Lanean zein erretiroa hartuta daude segurtasun indarretako kideek osatzen dute mugimendua. Bere aldarrikapen nagusia polizien hilketak legez gorroto delitu izendatzea da, arrazari edo sexu-genero identitateari loturiko delituekin parekatuz.

Naiz-ek jakinarazi duenez, gertakari haren harira EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak idatzia zuzendu zion Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailari, galdetuz poliziak Ertzantzaren kode deontologikoa urratu ote zuen eta bere aurkako neurririk hartu den. Idatzian zehazten zuenez, “Poliziaren Legean jasotzen den kode deontologikoaren 24.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten pertsonek ‘uneoro jardun beharko dute zintzotasunez eta duintasunez, beren eginkizunek eskatzen duten konfiantza eta begirunea galtzea ekar dezaketen portaera guztiak saihestuz, edo zerbitzuaren edo administrazioaren prestigioa edo eraginkortasuna arriskuan jar dezaketen jokabide guztiak saihestuz’, 25. c) artikuluaren arabera, ‘Arraza, etnia, erlijio, ideologia, sinesmen, adin,sexu-orientazio edo antzeko beste edozein arrazoirengatik egindako diskriminazio oro saihestuko dute".

Erkoreka Barne sailburuak Arzuagari jakinarazi dio Barne Sailak ez duela inongo neurririk hartu, AEBetako mugimenduak kode deontologikoa urratzen ez duela iritzita: “Segurtasun Sailak ez du inolako neurririk hartu zuk aipatutako ertzainaren inguruan; izan ere, ezin da baieztatu Blue Lives Matter erakundeak, polizia erretiratuen elkartea den aldetik, kode deontologikoan ezarritakoa urratzen duten balioak ordezkatzen dituenik”.

Frankotiratzaileen miresle ere

Polizia berak argazkia atera zuen Gaztea irratian, burezur baten irudia eta “The Legend Chris Kyle” leloa zuen jertsearekin. Chris Kyle AEBetako armadako historiako frankotiratzailerik hilgarriena izateagatik da ezaguna.

 

 

 

Gontzal Viaga Rodríguez ertzaina Gaztea irratian. Irudia: eitb.eus.