argia.eus
INPRIMATU
Erkorekak zalantzan jarri du Ertzaintzak Villabonako gaztea zauritu izana
  • Foam jaurtigailuaren aztarnak agertu diren arren, Erkorekak ez du onartu Ertzaintzak foam jaurtigailuak Tolosako inauterietan erabili izana.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 22a
Irekia

Dagoeneko hiru gaztek salatu dute Ertzaintzak zauritu zituela Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan. Auzia piztu eta berehala, gertakaria “gardentasunez” ikertuko zuela esan zuen Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak; hala ere, orain arte deus gutxi azaldu du, eta foam jaurtigailuaren aztarnak agertu diren arren, ez du onartu Ertzaintzak erabili izana. 

Asteazkenean, hilaren 21ean Naiz egunkariak jasotako adierazpenen arabera, Erkorekal soilik onartu du Villabonako (Gipuzkoa) gaztea ospitalera eraman behar izan zutela, eta ebakuntza egin diotela zauritutako begian: “Gertakariaren eta Ertzaintzaren arteko harreman bakarra da sorostera joan zela, eta ospitalera joateko lagundu zuela”. Horrekin batera esan du hiru ikerketa abiatu dituztela; hau da, ikerketa bana zauritu bakoitzeko. Hortaz, nabarmendu du ikerketak esanen duela zauriak foam jaurtigailuengatik diren edo ez.

Gertakariaren kalea aztertzen

Villabonako gaztea zauritu zuten karrikan zenbait neurketa egiten ibili zen Ertzaintza otsailaren 20an. Horretarako zenbait gailu berezi eta dron bat erabili zituzten, baina Erkorekak ez du azalpenik eman, eta ez dago jakiterik azterketa Erkorekak agindutako ikerketarekin lotuta dagoen, edo Tolosako epaitegiak agindutako prozedura den.