argia.eus
INPRIMATU
Erkoreka Xuhar “erruduntzat” hartzeko “kanpaina” egiten ari dela salatu du herri plataformak
  • Tolosako inauterietan poliziak begian zauritutako gaztea indarkeria polizialaren biktima gisa aitortzeko eskatu du Xuhar herri plataformak. Mobilizazio batera deitu du martxoaren 16rako, Tolosan.

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 07a
Xuhar herri plataformaren agerraldia. Argazkia: Ataria.eus

Xuhar herri plataformak agerraldia egin du asteazkenean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Tolosako (Gipuzkoa) inauterietako istiluen harira egindako adierazpenak salatzeko. Leporatu diote begian foam jaurtigaiak zauritutako 16 urteko gaztea "erreduntzat" hartzeko "kanpaina" egiten ari dela, eta biktima gisa aitortzeko eskatu diote. Hori salatzeko eta polizia ereduaren aldaketa exijitzeko mobilizazio batera deitu dute, martxoaren 16an, Tolosan.

"Xuhar istiluetan parte hartzen ari zela esan zuen Erkorekak. Aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan zegoela gertatzen ari zen guztia grabatzen", esan du herri plataformak. Erkorekaren jarrera salatu dute zalantzan jartzeagatik Ertzaintzak gaztea zauritu izana eta errua gazteari botatzeagatik. 

Kritika egin diote ere Villabona-Amasako (Gipuzkoa) EAJko zinegotzi Arantzazu Rojori, Tolosako gertakaria salatzeko eta argibideak eskatzeko mozio batean esandako hitzengatik: "'Xuhar ez da tirokatua izan', eta bestelako astakeriak esan zituen".

Poliziak "inpunitate osoz" esku hartze "neurrigabeak" egiten dituela eta horiek justifikatzeko "aitzakiak" aurkitzen dituela salatu du plataformak, eta horren guztiaren jatorria polizia eredua bera dela: "Xuhar indarkeria polizialaren biktima izan dela aitortzea nahi dugu".