argia.eus
INPRIMATU
Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”
  • Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko” guztiek egiten dutela argudiatuta. Azkenaldiko istiluak ez direla “kasualitatea” eta horien atzean “sigla” jakin batzuk daudela adierazi du.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko martxoaren 05
Erkoreka, astearteko gobernu bilera osteko agerraldian. Argazkia: Irekia

Besteak beste udaltzainak su armak eramatera behartzen dituen dekretua azaltzeko egin du prentsa agerraldia Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak, jaurlaritzak gaurko gobernu bileran onartu duen dekretua. Baina beste hainbat gairen inguruan ere eman ditu azalpenak, Naiz-ek eta Berria-k jaso dutenez.

Xuhar, errebotez zauritua Tolosan

Xuhar Tolosako inauterietako goizaldean ustez piztu ziren istiluetan “parte hartzen” ari zela ziurtatu du Erkorekak, “botilak jaurtitzen” ari zirenen “ondoan” zegoelako, “gertatzen ari zena grabatzen”. Hona esaldia osorik: “Istiluetan parte hartzen ari zen; ez zegoen kasualitatez han, eta aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan zegoen, gertatzen ari zena grabatzen”. Begian jo zuen foam jaurtigailuaz, gaztea errebotez kolpatu zuela ziurtatu du, aurretik istiluetan parte hartzen ari zen beste gazte baten besoan jo ostean.

Horiek dira Ertzaintzak egin duen ikerketaren ondorio nagusiak, eta sailburuak azaldu duenez Tolosako epaitegiaren esku dago jada txostena.

Martxoak 3ko operazioa, ”neurritsua”

1976ko Gasteizko grebak oroitzen dituen martxoak 3ko manifestazioan Ertzaintzak izandako esku-hartzea ere defendatu du Erkorekak. Sarean zabaldu diren bideoetan ikusten den polizia infiltratuarengatik galdetuta — bere kide uniformatuek kolpatzen dutena—, “ondo infiltratua zegoen”, adierazi du. Argudiatu du “Polizia demokratiko guztiek” erabiltzen dituztela kalez jantzitako poliziak, eta normala dela “istiluak aurreikusten ziren” jarduera batean erabili izana: “Ez da nobedadea eta ez dut uste inor harrituko denik”. Polizia uniformatuek “linea gorde” beharra dutela eta ondorioz ikusmira mugatua dutela azaldu du, eta infiltratuak ikusmira hori zabaltzen laguntzen diotela Poliziari. Esan gabe, infiltratutako polizia ez zela bakarra iradoki du: “Ez dakit nortzuk diren infiltratuta zeudenak, ez zenbat ziren”.

Erkorekaren arabera, azkenaldian Tolosan, futbol partiden testuinguruan edo Gasteizen Ertzaintzak egindako esku-hartzeak gehiegizko iritzita kritikatu dituzte batzuek, xumeegiak izateagatik besteek. Sailburuaren esanetan, ordea, “neurritsu” aritu da Ertzaintza guztietan.

“Norbaitek antolatzen ditu istiluak”

Ertzaintzaren azken operazioak defendatzeaz haratago, erasora pasa da Segurtasun sailburua. Istiluen atzean “sigla” jakin batzuk daudenaren “susmoa” duela adierazi du, eta susmoa ez dela berea soilik: “Ez dakit zein, baina euskal jendarte osoa ari da galdera hori egiten bere buruari”. Ez du zehaztu zein diren sigla horiek, baina galdera batzuk utzi nahi izan ditu airean: “Hau ez da kasualitatea, ez da besterik gabe gertatzen. Hau gertatzen da norbaitek antolatzen duelako. Eta galdera da nor ari den hau antolatzen leku desberdinetan. Nori interesatzen zaion orain joko bikoitza egitea: erakusleihoan irudi zibilizatua ematea, eta dendaostean gizartea higa dezakeen estrategia bat izatea”.

Ertzaintzaren eta bere jardueraren defentsa itxia egin du asteartean Erkorekak: “Arazoa ez da Ertzaintzarena, baizik istiluak eragitera joaten diren taldeena”.