argia.eus
INPRIMATU
Josu Erkoreka (EAJ)
“Ez luke zentzurik Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin gobernua osatzeak”
  • EAJren Bizkaiko zerrendaburuak aurreratu duenez, “lehen aukeretako bat” da PSE-EErekin aldundi eta udaletan duten hitzarmena Jaurlaritzara hedatzea.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 23a
Josu Erkoreka EAJko Bizkaiko zerrendaburuak baztertu egin du Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin gobenua osatzeko aukera.

Elkarrekin Podemosen agerpenak Eusko Legebiltzarraren osaketa baldintzatuko duela ondo gogoan du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak. “Inkestek EAJren garaipena iragartzen dutela” dakien arren, tentuz jokatzeko premia azpimarratu du jeltzaleen Bizkaiko zerrendaburuak: “Eserlekuen banaketa baldintzatuko duen alderdia azaldu da agertokian. Horrek gainontzeko alderdiak kaltetu ditzake, ez eurekin zuzenean lehiatzen direnak soilik. Hala, zuhurtziaz eta arretaz jokatu behar da, eta triunfalismoak alboratu”.

Erkorekak Eldiario.es atarian azaldu duenez, “hasiera batean, EAJk ez du inor baztertzen akordioak egiteko”, baina PSE-EErekin aldundi eta udaletan duten hitzarmena Jaurlaritzara hedatzea “lehen aukeretako bat” dela aitortu du: “Positiboki baloratzen ditugu PSE-EErekin ditugun akordioak, eta hauteskundeen ostean kontuan hartu beharreko aukera izango da”.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin gobernua osatzea baztertu egin du jeltzaleak, “zentzurik ez” duela iritzita: “Nafarroako ituna berresteko aukera jarri dute mahai gainean, eta hori ezinezkoa da. Mundu guztiak daki Nafarroako koalizioak helburu bakarra zuela: estilo sektario, autoritario, despotiko eta euskaldunen aurkakoa zuen alderdia [UPN] gobernutik kentzea”.

Elkarrekin Podemoseko Pili Zabalak lehentasuntzat dituen gaiak –krisiaren amaiera, bakea, elkarbizitza eta estatutu berria– EAJk aspalditik landu dituela zehaztu du Erkorekak: “Bere esaldi asko gure planteamendu historikoen erreprodukzio literalak dira, urte luzez defendatu ditugunak”.

“Erabakitze eskubidea, joskera teorikoa”

Elkarrekin Podemosek Kanadako eredua Euskal Autonomia Erkidegora ekartzeko egindako planteamendua aukera bat dela dio Erkorekak, eta “datorren legegintzaldia hastean Legebiltzarrean patxadaz aztertu beharreko gaia” dela uste du.

Erabakitze eskubidea gainontzeko alderdiekin hitzartuta gauzatu nahi du: “Ez dakit lau edo 24 urte igaroko ditugun, baina ona litzateke alderdi guztiek alor honetan zintzotasunez jokatzeko konpromisoa hartzea”.

“Eskozian eta Quebecen gauzatze konkretu bat izan duen joskera teorikoa da erabakitze eskubidea, baina beste modu batzuetan ere egin daiteke”, zehaztu du Erkorekak. Hala, “batzuek herritarrei muturreko aukera eginarazi nahi diete”. Besteek –hor kokatu du EAJ– alderdien arteko lankidetzan osatutako proiektu landuan sinesten dutela azaldu du.

Jaurlaritzako bozeramalearen esanetan, “independentziaz aritzean Zuzenbide klasikoko dogmei dei egiten zaie, baina saihestu ezinezko interdependentzia da errealitatea”. Hala ere, aurreratu du balizko kontsulta independentistan baiezko bozka emango lukeela.