argia.eus
INPRIMATU
Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea
  • Espainiako Gobernuak alarma egoeraren seigarren luzapena aurrera atera ahal izango du, EAJrekin eta ERCrekin egin duen akordioari esker. Akordioaren arabera, erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea. Fase horretan, lurralde unitatea probintzia izango dela adierazi du Espainiako presidenteak, baina EAEren kasuan hiru herrialdeak lurralde unitatetzat hartu ahal izango dira.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 31
Argazkia. Dani Blanco / Argia.

ERC abstenitu egingo da alarma egoeraren luzapena bozkatzerakoan eta horren truke Europako Batasunetik datorren diruaren kudeaketan erkidegoek ere parte hartu ahal izatea lortu du. EAJk berriz, baiezko botoa emango du. Alderdi horrek hirugarren fasean hartu beharreko neurriak erkidegoko presidentearen ardura izatea adostu du Espainiako presidentearekin.

Gaur egun, Hego Euskal Herria bigarren fasean dago. Ondo bidez ekainaren 8an hirugarren fasea hasiko luke. Espainiako presidente Pedro Sánchezek adierazi du seigarren luzapena azkena izango dela eta ekainaren 8tik 21era arte iraungo duela.

Ekainaren 8tik aurrera EAE osoan ibiltzeko aukera

Hirugarren fasean erkidegoetako presidenteek neurriak hartu, ezabatu edo moldatuko dituzte. Alabaina, salbuespen bat izango da: erkidegotik ateratzeko erabakiak ez lirateke bere gain egongo. Dena dela, Espainiako presidenteak lurralde unitatea probintzia izango dela adierazi du, baina EAJrekin egindako akordioaren arabera, EAEko presidente Urkulluk eta Nafarroako presidente Chivitek Salvador Illa Espainiako Osasun ministroari lurralde unitateak proposatzeko aukera izango dute. Urkulluk lurralde unitatea hiru probintziek osatzea nahi du, eta beraz, hiru herrialdeetan mugitzeko aukera egongo da. Espainian, hirugarren fasean, ez lukete probintziatik probintziara ibiltzeko aukerarik.