Eritrear jatorriko gazte baten gorpua aurkitu dute Bidasoa ibaiaren bazterrean. Ertzaintzak adierazi duenez, bere buruaz beste egin zuen eta Irungo Harrera Sarea gaztearen inguruko informazio gehiago lortzen saiatzen ari da.
Eritreako gazte baten gorpua aurkitu zuten apirilaren 18an Irungo Azken Portu auzoan. Irungo Harrera Sareak jakitera eman duenez, urkatuta agertu zen Bidasoa ibaiaren bazterrean. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, bere buruaz beste egin zuen, ez baitute bortizkeria zantzurik topatu.
Irungo Harrera Sareak gaztearen inguruko informazio gehiago lortzen saiatzen ari da, ez baitakite pasaerako migrante bat ote zen, Irunen bizi ote zen edo paperak ote zituen… “Ez dugu nahi identifikatu gabeko gorputz bat izatea, Europako hilobi anonimo batean amaituko duena, bere familiak ezer jakin gabe”, adierazi dute ohar baten bidez. Oraingoz, gaztearen jatorria besterik ez dute ziurtatu.
Pasaerako migrante bat izango balitz, Irun eta Hendaia artean hiltzen den lehen etorkina litzateke. Migranteen ohiko pasabidea da eta kontrolez josi dute, "terrorismoaren aurkako borrokaren" aitzakian eta orain pandemiagatik.
Muga zeharkatzeko zailtasunak direla-eta, alternatibak bilatu behar izan dituzte eta martxoan zenbait pertsona Bidasoa ibaia igerian igarotzen saiatu ziren, Frantziar Estatura sartu eta migrazio bidearekin jarraitzeko. Kazeta.eus-ek jakinarazi zuenez, martxoaren 13an Hendaiako herritar talde batek ibaia igerian pasa zuen etorkin bat lagundu zuen eta Harrera Sareak gogor salatu zuen gertakaria, instituzioei konponbideak bilatzeko eskatuz.