Asteazken goizean hormatu zuen Irunberriko Udalak Erika Herriguneko sarrera. Desalojoa salatzeko elkarretaratzea egin dute ostegun iluntzean Erikako kideek.
Asteazken goizean Irunberriko udalgobernuko ordezkariak eta zenbait langile abenduan okupatutako Erika Herrigunera joan ziren.Aurretiazko abisurik edota azalpenik eman gabe, eraikinaren sarrera hormatu zuten.
Desalojoa salatzeko, elkarretaratzea egin dute ostegun iluntzean. Erikako kideek adierazi dute elkarrizketarako borondatea une oro agertu dutela, baita haien eskakizuna zilegia dela adierazi ere. Horregatik, herriaren beharren alde lanean jarraituko dutela adierazi dute, Udalaren borondatea dena delakoa dela ere.
Abenduaren 24an ireki zituzten gazteek ordurarte erabilpenik ez zuen eraikinaren ateak. 2018ko udaran hasi ziren lokal bat eskuratzeko lanean, baina Udalaren aldetik ez zuten erantzunik jaso eta, ondorioz, eraikin bat okupatzea erabaki zuten, ondoren Erika Herrigunea izena hartu duena.
Erikaren itxiera salatzeko hamarnaka lagun bildu ginen atzo udaletxearen aurrean, kontzentrazio zaratatsu batean.
Entzun gaitzatela, ez dago geldituko gaituen hormarik!
Erika Herrigunea aurrera!✊❤️🏡 pic.twitter.com/NpzARHHAJ1
— ERIKA Irunberriko Herrigunea (@erikaherrigunea) January 23, 2020
⚠️ADI! ERIKA IXTEN ARI DIRA! ¡ESTÁN TAPIANDO LA ERIKA! ⚠️
Udal gobernuko ordezkariak, langileekin batera, Erika Herrigunea ixten ari dira, inolako abisurik eta azalpenik eman gabe
Ez dago geldituko gaituen hormarik!
Erika Herrigunea aurrera! pic.twitter.com/E9gUQ2kSYa
— ERIKA Irunberriko Herrigunea (@erikaherrigunea) January 22, 2020
Elkarretaratzean irakurritako oharra:
Ez da hilabete bat ere igaro Erikan sartu ginenetik, gure proiektuak garatzeko leku bat izateko ilusioarekin, edota, gutxienez, udalarekin benetako negoziazio batera iristeko ilusioarekin. Ez da hilabete ere igaro, eta gobernu-taldeak dagoeneko erakutsi du zein den bere estiloa: negoziazioari uko egitea eta guztiona den eraikin bat ixtea. Hori al da erakutsi behar duten ardura eta ausardia guztia? Irunberriko gazteriaren eskaera historiko bat isiltasunarekin eta harresi batekin ukatzea?
Denbora asko daramagu lokal baten beharra justifikatzen, ondo baino hobeto dakite eskaera legitimoa dela eta ez dela berria. Baina beldur dira, ez dute nahi beren ezer beren kontroletik kanpo, ez dute nahi bizirik eta aktibo dagoen gazteria bat.
Erika itxi digute, eta berriro ez sartzeko mehatxu egin digute, esanez sartzen bagara “txarrera?" joango direla. Baina guk ez dugu amore emango. Badakigu gauzak ongi egin ditugula, elkarrizketaren bidez akordio batera heltzen saiatu garela; eta haien maila hau bada, gure beharrei erantzuna emateko borondaterik ez badute, guk borrokan jarraituko dugu.