argia.eus
INPRIMATU
Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren aurkako protesta egin dute Miarritzen
  • Liburua aurkeztera joan da eta, besteak beste, EH Baik, LABek, Les Bascosek eta IPEH Antifaxistak deituta elkarretaratzea egin dute haren homofobia, arrazakeria eta faxismoa salatzeko.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 27a
Faxismoaren aurkako oihuekin hartu zuten Zemmour. / Argazkia: @Antifaxismoa

Asko dira hauteskunde kanpaina gisa definitu dutenak Eric Zemmourren liburu aurkezpenaren bira, nahiz eta ez duen ofizialki hautagaitzarik aurkeztu. Frantzian hainbat ekitaldi egin ostean, asteartean Miarritzera heldu zen; antolatzaileen esanetan 1.500 lagun joan ziren Irati aretora, haren lanari buruzko hitzaldia entzutera. Adin-tarte guztietako jendea zen.

Eraikinaren kanpoaldean aldarrikapenez betetako pankartekin elkartu ziren 300 bat pertsona haren etorreraren aurka, besteak beste, EH Baik, LAB sindikatuak, Les Bascosek eta IPEH Antifaxistak deituta. Eskuin muturreko polemista Euskal Herrian “ez dela ongi etorria” azpimarratu dute protestariek, eta faxismoaren aurkako aldarriak egin dituzte. Poliziak dispositibo zabala ezarri du eraikinaren inguruan, eta manifestarien aurrean egon da uneoro. Zemmour entzutera hurbildutakoei bidea irekitzen aritu dira agenteak, eta eskuin muturreko hizlaria atzeko atetik sartu da.

 

Hautagai posiblea

Eric Zemmour gorroto delituagatik zigortu du dagoeneko Frantziako justiziak, 2019an islamaren eta migrazioaren aurka egindako elkarretaratze baten harira. Halaber, telebistako agerraldiak mugatu dizkio CSA ikus-entzunezko kontseiluak. Adierazpen arrazistak, homofoboak eta erreakzionarioak egin ditu jendaurrean behin eta berriz. Zemmourrengan begirada jarrita dago Frantziako jendartea, uste baita datorren urteko hauteskundeetarako hautagai izango dela. Oraindik ez du hautagaitza aurkeztu, alderdirik ere ez du, baina jada asko dira eskuin muturreko polemista babesten duten herritarrak.