argia.eus
INPRIMATU
G7ren kontragailurrean, Biarritz, Angelu eta Baionako biribilguneen okupazioak debekatu dituzte
  • Abuztuaren 25ean hainbat biribilgune okupatzeko deia egin zuen G7aren aurkako plataformak. Pirinio Atlantikoetako prefetak debekatu egin ditu.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 14a

Astelehenean aurkeztu zuten G7 EZ eta Alternatives G7 plataformek kontragailurreko egutegia. Abuztuaren 21etik 26ra antolatu dituzten ekitaldiak aurkeztean, aurreratu zuten abuztuaren 25ean Baiona, Miarritze eta Angeluko hainbat plaza eta biribilgune okupatzeko asmoa zutela, “eremu publikoen pribatizazioa salatzeko”.

Azken ekintza hauez ohartzean, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak debekatu egin dituela aurreratu dute Euskal Irratiek. G7 EZ-ek egitarauaren aurkezpenean adierazi zuen protesta eta okupazio baketsuak izango direla, eta horregatik ez dituztela zertan debekatu. Hala ere, Spitz-ek adierazi du abuztuaren 25eko protestei buruz hitz egiteko prest dagoela, baina baimen-eskaerarik oraindik jaso ez duela gehitu du.

Eric Spitz prefeta

Gilbert Payet izan zen aurreko prefeta, baina adin kontuak direla eta kargua utzi behar izan zuen. Haren ordez, Eric Spitz izendatu zuten, aurrez Drôme-ko prefeta izandakoa. Esperientzia handiko gizona da, Korsikan, Polinesian eta Guyanan ere izan baitzen ordezkari lanetan. Honegatik hautatu zuten Spitz, lan berezi bat jarri baitzioten: G7 gailurrean segurtasuna bermatzea.

Indar Beltza aldendu da

Indar Beltza Iparraldeko talde anarkista G7 EZ eta Alternatives G7 plataformek antolatuko kontragailurretik aldendu da, azken hauek ordezkari estatalekin hartu duten “konpromisoa” dela eta. Anarkistek adierazi dute ez dutela parte hartu nahi instituzioek onartutako kontragailur batean. Horrez gain, gertukoei eskatu diete adostutako kontragailurrean ez parte hartzea, eta oposizio sendo eta lehiakor bat egitea G7ari.