argia.eus
INPRIMATU
Eric Olhats futbol behatzailea atxilotu dute, Baionan entrenatzaile zela adin txikiko bat bortxatzea leporatuta
  • Pertsona batek salatu du adin txikikoa zela bortxatu egin zuela Eric Olhatsek. Aurretik ere salatu izan dute erasoak gauzatu izanagatik, eta Fiskaltzak jakinarazi duenez, Poliziak eraso gehiagoren berri ere badu.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 12a

Eric Olhats futbol behatzailea atxilotu zuen Frantziako Poliziak asteazkenean, eta ostegunean jakinarazi du fiskaltzak atxiloketaren arrazoia: adingabe bat bortxatzea leporatzen zaio. Zehazki, erasoa Baionako Avironen gazte mailako entrenatzaile zen garaian egin izana egozten zaio, 1990eko hamarka amaiera eta 2000ko hamarkada hasiera arteko epe-tartean.

Iazko abuztuan jarri zuen salaketa erasoa pairatu zuen pertsonak, eta Olhatsek bortxatu egin zuela adierazi zuen. Fiskaltzaren arabera, akusatuak egindako eraso gehiagoren jakitun da Polizia.

Aurretik ere erasoa egin izanagatik salatu izan dute Olhats. 2009an Realak behin-behinean kanporatu zuen, futbol taldearen Frantziako behatzailea zenean. Berrian irakur daitekeenez, adingabeak galbidean jartzeagatik kondenatu zuten, eta epaiaren arabera Olhatsek "sexu eduki desegokia" zuen sms mezu bat bidali zion 13 urteko jokalari bati. Zigor gisa ezarri zioten hiru urteko espetxealdia, hamar hilabetez adingabeekin lan egiteko debekua eta erasotuari eta haren gurasoei kalte-ordaina ordaintzea.

Gertakari haren ostean Realarentzat lanean jarraitu zuen 2018ra arte, eta egun Espainiako Atlético de Madrid taldearentzat egiten du lan, taldearen Frantziako behatzaile modura.