argia.eus
INPRIMATU
Eric Holt: “Elikadura Burujabetzak balio du independentziaren kontzeptuan sakontzeko”
ARGIA @argia 2013ko apirilaren 03a
Eric Holt-Gimenez.

“Azkenaldian, Europa eta batez ere Iberia bizitzen ari den krisi ekonomikoa dela-eta, erantzun berritzailea sortzen ari dela ikusi dut Euskal Herrian, beste lekuetan ikusi ez dudana. Era berean, interes handia ikusten dut baserritartzean, landa-eremura itzultzea zerbait arrunta da, ez bakarrik nekazaritzan oso sartuta dagoen jendearen artean, baita gazteen artean ere, ez baitute bestelako etorkizunik ikusten eta pentsatzen dute landa izan litekeela alternatiba beraientzat”.

“Niretzat oso interesgarriak dira munduko elikadura mugimenduan duden bi joera nagusiak. Bat oso aurrerakoia da; oso tematuta dago alternatiba oso praktikoak sendotzen, kontsumo taldeak, forma agroekologikoak, ekoizpen organikoa eta abar. Eta beste joera bat dago askoz ere erradikalagoa; erakundeak eta joko-arauak aldatu nahi ditu. Egiturazko eraldaketa egin nahi du eta badauzka planteamenduak, Elikadura Burujabetza bezalakoak edo nekazaritza Munduko Merkataritza Erakundetik ateratzea bezalakoak. Benetan jokoaren arauak aldatu nahi dituzte eta elikadura sistema demokratizatu nahi dute termino politikoetan. Esperantza handia ematen dit ikusteak bi joera horiek, aurrerakoia eta erradikala, bat egiten ari direla”.

“Elikadura Burujabetzak balio du independentzia eta autonomia kontzeptuetan sakontzeko eta problematizatzeko. Bestelako elementu batzuk emateko. Niretzat Euskal Herriak perspektiba handia dauka gai honetan, elikadura burujabetza oso testuinguru egokian jaiotzen da, giza-duintasunaren aldeko beste borrokak elikatu eta aurrera eramaten lagun dezake zuena bezalako testuinguru geografiko eta kulturalean”.

“Datozen 10 edo 15 urteetan munduko ekonomiak momentu zailak pasako ditu, katastrofikoak ez esateagatik. Komunitateei egokituko zaie geroz eta gehiago euren problema sozial eta ekonomikoak konpontzea. Uste dut jendea jada pistak ematen ari zaigula, gazteak nekazaritzara nola itzuli bilatzen ari dira eta kontsumitzaileek tokiko ekoizle txikiekin nola lotu. Hori da bidea datorkigunari aurre egin ahal izateko eta bide berriak sendotzeko, eraldaketa berriak, ez bakarrik lokalak, globalak baizik”.