argia.eus
INPRIMATU
Eremu urdinaren kontra kalera irten dira txantrearrak
  • Sabicas plazatik abiatuta manifestazio jendetsua egin dute Iruñeko Udalak inposatu nahi duen ordainpeko aparkatzeko sistemaren kontra. Arazorik ez dagoen tokian arazoak sortzea leportazen diote Navarra Sumari. Enrique Maya alkateak ordea, bereari eutsi eta irailean zonalde urdina martxan jartzea espero du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko abuztuaren 20a

Iruñeko Txantrea auzoko bizilagunek ez dute ulertzen zergatik inposatzen zaien ordainpeko aparkatze sistema, auzoan mugikortasun arazorik ez dagoenean. Iruñeko Udalak ez die jaramonik egin udak dakarren lasaitasuna baliatuz. Arartekoak arrazoia eman die txantrearrei. Francisco Javier Enerizek Iruñeko Udalari iradoki dio "auzoan aparkaldi mugatuko eremua ezartzeari dagokionez, parte hartze prozesu bat garatzeko, interesdun guztiek (bizilagunak, merkatariak, beste kolektibo batzuk...), informazio osoa jaso ondoren, beren kezkak, oharrak, alegazioak, alternatibak eta abar osoki adierazi ahal izan ditzaten, eta, interes guztiak haztatuta, dagokion erabakia har dezaten".

Mayak, ordea, bereari eusten dio: ziurtatu du aurrera jarraituko duela. Dioenez, inoiz ez da galdeketarik egin eremu urdina ezartzeko, eta arrazoi teknikoengatik ezarriko dute.

Bien bitartean, txantrearrek gune urdinaren aurka mobilizatzen jarraitzen dute. Auzoko hainbat kolektibotako ordezkariek udalaren erabakiaren aurkako 4.300 sinadura bildu dituzte; arartekoarengana jo dute, eta asteazkenean manifestazioa egin zuten.

Auzotar gehienak haserre daude, ez dutelako gune urdinaren beharrik ikusten Txantrean, eta inposaketa bat dela uste dutelako. Trabak baino ez dituela ekarriko diote, eta merkatarientzat zein tabernarientzat kaltegarria izango dela.

Erabakia gaitzesteko, duela hilabete batzuk auzo plataforma bat sortu zuten, TX auzo ekimena, eta egitasmo eta mobilizazio ugari bultzatzen ari dira. 4.300 sinadura aurkeztu dizkiote Udalari, parte-hartze prozesu bat eskatzeko, baina ez dute erantzunik jaso. Azken urratsa Arartekoarengana jotzea izan zen, eta aste hoentan heldu zen haren erantzuna.