Eremu publikoan jartzen diren kartel eta pankartak kentzeko erabakia hartu du Zumaiako Udalak; pintaden aurkako neurriak ere aurreikusten ditu. “Herria garbi eta txukun mantentzea, ingurumena zaintzea eta guztiena dena errespetatua izatea” dute xede neurriaren bultzatzaileek.
Urtea hasi denetik gisa horretako neurri baten aplikazioa iragartzen duen bigarren udala da Zumaiakoa. Arrasateko Udalak otsail hasieran jakinarazi zuen pintaketa, kartel, pankarta eta bestelakoak erregulatuko zituela.
Bere aldetik, Zumaiako udal gobernuak adierazpen askatasunaren aldeko apustua berretsi du, hori bai, horretarako ezarrita dauden guneak errespetatzen badira. Udalak adierazi du ez diola kartel edo pankartaren eduki, mezu, jatorri edota helburuari erreparatuko. Neurria osatuko duen ordenantza oraindik egiteke dute bultzatzaileek.
Herri mugimenduaren kritikak
Herri mugimenduak kexu dira Zumaiako Udalaren erabakiaz. Otsailaren 13an, zenbait eragilek jarririko pankartak kendu zituen Udaltzaingoak. Ernaik mezu horiek kendu izana salatu zuen: “Euskal Herriko tortura kasuen datuak eman nahi izan ditugu, torturatuak izandako hainbat zumaiarren testigantzak erakustearekin batera. Bada, badirudi baten bati ez zaiola asko gustatu, ordu gutxi batzuk iraun baititu datuak ematen zituen pankartak kalean”.