argia.eus
INPRIMATU
Eremu mistotik euskaldunera pasatzeko eskaria egingo du Atetzek
  • Atetz (Nafarroa) izango da eremu mistotik euskaldunera pasatzeko eskaria egingo duen lehen herria. Asteartean egingo dute bilkura udalean eta, EH Bilduk gehiengoa duenez, mozioa onartuko dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 09a

2017ko otsailean eremu ez-euskalduneko hamaika udalerrik mozioak onartu zituzten, bi eskarirekin: Euskararen Legea bertan behera uztea eta, hori lortu bitartean, eremu mistoan sartzea. Gobernuak baiezkoa eman zion eremuz aldatzeko eskariari, eta prozedura ireki zuen. Dagoeneko 40 udalerrik baino gehiagok egin dute eskaria eta aldaketa oraindik bidean dago.

Atetzek onartuko duen mozioa, ordea, haratago doa: eremu mistotik euskaldunera pasatzea eskatuko du, herrian euskara ofiziala izan dadin. Lortzen badute, herritarrek administrazioaren zerbitzua euskaraz jasoko dute eta euskara ezagutzeak garrantzi handiagoa izango du lanpostu publikoetan, besteak beste. Hezkuntzari dagokionez, eremu mistotik euskaldunera pasatzeko G eredua (ikasgairik ez euskaraz) kentzea aurreikusten da. Baina Atezko haurrak Larraintzarreko D ereduko eskolara joaten dira; beraz, ez dute aldaketarik egin beharko.

Zonifikaziorik ez egotea eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea da Atezko Udalaren aldarria, baina gobernuan Euskararen Legea aldatzeko adostasunik ez dagoen bitartean, eremu euskaldunera sartzeko eskatuko dutela azaldu du alkateak.  

Beste eskari bat ere jasoko du Legebiltzarrak: Zizurko Zendeak eremu mistotik ez-euskaldunera aldatzeko mozioa aurkeztuko du. UPNk du gehiengo osoa han.