argia.eus
INPRIMATU
Eremu ez euskalduneko hamalau ikastetxetan eskainiko du Nafarroako gobernuak D eredua
  • Iaz, lau eskolatan baino ez zuten txertatu, "informazio gutxi eta eskari sakabanatua" egon zirelako. Orain, hegoaldeko hamalau zentrotan bateratuko dute eskaintza.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko urtarrilaren 17a

Gutxieneko ratioetara ez ziren iritsi iaz Nafarroako "eremu ez euskaldunean", eskariak "sakabanatuta" egon ziren, baita "informazio eskasia" ere. Zentralizatu eginen dute eskaintza orain, iazko ikasturtean egindako hutsei erantzun nahian: hamalau zentrotan eskainiko dute D eredua. Honako hauetan, hain justu: Elvira España (Tutera), La Cruz (Allo), Virgen del Soto (Caparroso), Dos de Mayo (Castejon), San Miguel (Larraga), Angel Martinez Baigorri (Lodosa), San Fausto (Ancin), Santa Maria (Los Arcos), Luis Gil (Zangoza), Espinal Olcoz (Mendigorria), Juan Bautista (Azkoien), Marques de la Real Defensa (Tafalla), Otero de Navascues (Cintruenigo) eta Elvira España (Tutera).

Bilerak antolatu ditu Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetan, eremu ez euskalduneko familiek D ereduaren berri izan dezaten. Hilaren 30ean ekinen diete bilkurei.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra