argia.eus
INPRIMATU
Eremu “ez euskaldunean” euskara ezagutza baloratzea legezkoa dela dio Nafarroako Kontseiluak
  • Euskararen Foru Legea aldatu gabe eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa baloratzea legezkotzat jotzen duen Nafarroako Kontseiluaren irizpena jaso du Gobernuak. Testua Gobernuak eskatu zuen, eta arau berri bat ari da lantzen administrazioan euskararen erabileraren inguruko Foru Dekretuko zenbait artikulu baliogabetzen dituzten epaien ondoren.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko martxoaren 04a
Javier Remírez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria.

Gaurko bilkuran, Nafarroako Kontseiluaren otsailaren 24ko 7/2020 Irizpenaren berri jaso du Nafarroako Gobernuak. Irizpen horretan, “eremu ez-euskaldunean euskara merezimendu gisa baloratzeari buruzko arauzko garapena” legezkoa dela ondorioztatzen da.

Urtarrilaren 22ko bilkuran harturiko erabakiaren bitartez eskatu zuen irizpen hori Nafarroako Gobernuak. Kontsulta fakultatibo hori Nafarroako Kontseiluari buruzko ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoan oinarriturik egin zen; artikulu horren bitartez, Nafarroako Gobernuaren erabakiz kontsultarako eskatzen zaizkion gai guztiei buruzko irizpena emateko ahalmena aitortzen zaio foru-organoari.

Administrazio publikoetan eta haren esku dauden zuzenbide publikoko erakundeetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren zenbait agindu indargabetzeak arau berri bat egin beharra dakar. Baliogabeturiko puntuen artean, eremu mistoan, eremu ez-euskaldunean eta zerbitzu zentraletan euskara merezimendu gisa baloratzeari dagozkionak daude.

Horretarako, Nafarroako Gobernua arautegi bat ari da lantzen, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoaren 216, 217 eta 218/2019 epaietan ezarritakoa betez, funtzio publikoaren arloko merezimenduen balorazioa arautzeko eta hori “ahalik eta adostasun eta segurtasun juridiko handienetik egiteko”.

Irizpenaren edukia

Irizpenak dioenez, “Aipaturiko epaietan ez da euskararen balorazioan debeku kategorikorik ezartzen eremu ez-euskaldunean, betebehar hori egin beharreko funtzioen eta errealitate soziolinguistikoaren arabera modu proportzionatuan eta egokian egin behar da”. Nafarroako Kontseiluak berak gogorarazi du aipaturiko azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuari buruz emaniko irailaren 29ko 40/2017 irizpenean hau adierazten dela: “Euskararen ezagutza mailak graduatzeko aukera funtzionaltasun, arrazoizkotasun eta proportzionaltasun irizpideetara egokitu behar da, eta ez dirudi zuzena denik lanpostuek bete beharreko funtzioak edozein izanik balioestea, eta puntuazioa lanpostuaren funtzioen eta gauzatu behar diren tokiaren errealitate soziolinguistikoaren arabera eman behar da”.

Era berean, irizpenak hau dio: “baliteke kasu batzuetan gaztelania ez den bertze hizkuntza baten ezagutzaren balorazioa balioetsi ahal izatea, eta, kasu horietan, ez da ulertzen zergatik balioetsi daitekeen, adibidez, frantsesa edo ingelesa jakitea, eta ez euskara, Nafarroako berezko hizkuntza baita, eta herritar guztiek dute hura ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea, Euskararen Foru Legearen 2. artikuluan adierazten den bezala”. Jarraian adierazten duenez, “Europako hizkuntzetako bat ere ez dago Nafarroako hizkuntza propioa izatearen toki horretan”, “eta ezin dira alderaketa unitate heterogeneoak parekatu, bere lege-ikuskeran desberdina dena bateratu nahian”.

Gobernuaren bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, Javier Remírez Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak adierazi duenez, “Gobernuak Arau berria egiteko taldeari igorri dio irizpena, balorazioa egin dezan eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoaren 216., 217. eta 218/2019 epaietan ezarritakoa betez, funtzio publikoaren eremuan merezimenduen balorazioa arautu dezan”.

Remírezek gogorarazi duenez, irizpenak Gobernuaren azken erabakia markatuko ez duen arren, “positibotzat jo da Nafarroako Kontseiluak segurtasun juridiko gorenaren bidean sakontzeko eginiko gogoetak baloratzea”. Azkenik, gogorarazi duenez, “Lan taldearen agindu politikoa, arautegia aipaturiko epaiek markaturiko legezkotasunera egokitzeaz gain, programa-akordioan harturiko konpromisoetara egokitzea ere bada: hizkuntza-politikaren eraketak errealitate soziolinguistikoari eta aukera-berdintasunari erantzuten die, ahalik eta adostasun sozial, politiko eta sindikal handienarekin”.