argia.eus
INPRIMATU
Eremu erdaldunetako haur euskaldunak eskolan “ez sakabanatzeko” eskatu du Arnas Dezagun egitasmoak
  • Guraso taldeak salatu du umeei “ukatu” egiten dietela elkarren artean euskaraz egitea, hainbat ikasgelatan sakabanatuta egoten direlako. Haurrok D ereduan ari dira ikasten. Etxetik euskal hiztunak direnak batzea nahi dute, eta baliabideak eskatu dituzte erdal hiztunen euskara indartzeko.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 29a
Arnas Dezagun egitasmoa sortu dute eremu erdaldunetako guraso euskaldunek. / Argazkia: Arnas Dezagun.

Herri erdaldunetako guraso euskaltzaleek Arnas Dezagun egitasmoa sortu dute, haien haurrek D ereduan ikasi arren euskaraz egiteko aukerarik ez dutela salatzeko eta horri irtenbideak emateko eskatzeko: etxetik euskal hiztunak direnak eskoletan batzea nahi dute. “Premiazkoa da haur euskaldunak elkartzea eta euren arteko harremana erraztea, haur erdaldunak bazter utzi barik”. Gurasoek ohartarazi dute eremu erdaldunetan ume euskaldunak “sakabanatuta” denek “galtzen” dutela, euskal hiztunak erdaldundu egiten direlako eta erdal hiztunek euskararik jasotzen ez dutelako. “Euskal Eskolan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza euskara izatea da logikoena”, azpimarratu dute.

Arazoari aterabidea emateko galdegin diete D ereduko ikastetxeetako zuzendaritzei eta arduradun politikoei. “Arnasgune funtzionalak” bermatzea nahi dute, alegia, umeek euskaraz “eroso” jarduteko eremuak sortzea. Izan ere, salatu dute umeek halabeharrez euskara “baztertu” egiten dutela, “integrazio edo onarpen arazoen beldur”; gurasoen esanetan, D ereduaren helburua “zapuztu” egiten da. Halaber, baliabideak eskatu dituzte etxetik erdaldunak diren haurren euskara indartzeko eta erabilera errazteko.

Testuinguru euskaldunagoa

Eskolaz kanpo ere euskararen presentzia “hutsaren hurrengoa” dela salatu dute, eta egitasmoko kideek gogorarazi dute haurren jarduera guztietan euskara bermatu behar dela, haiek euskaraz “naturaltasunez eta eroso” aritu ahal izateko: “Pantailak euskaraz, kirola euskaraz, hizkuntza paisaia euskaraz eta abar ezinbesteko dituzte”.

Arnas Dezagun ekimena babestera deitu dituzte herritarrak eta eragileak, eta manifestua sinatzeko aukera jarri dute arnasdezagun.eus atarian. Jakinarazi dute Euskal Herriko 158 pertsona entzutetsuk jada atxikimendua eman dietela, haien artean hainbat irakaslek, kazetarik, bertsolarik, kirolarik eta euskaltzalek. Guztira ia 800 sinadura bildu dituzte.

Gaiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri Miel Anjel Elustondok ARGIAn kaleratutako erreportajea: "Etxetik euskara dakarten haurrak ikasgela berean ala sakabanatuta?".