argia.eus
INPRIMATU
Erein aurreko hazien bedeinkazioak
  • Galdera hau jaso berria dut Bizi Baratzeako postontzian: "Gaia San Joan bezperako familia afarian atera huen, Unanue sagardotegian, Azpeitian. Seguran Santa Engrazia egunean erein behar ditugun haziak bedeinkatzen dira. Erein beharreko hazi guztiak eramatea komeni al da?, edo bakoitzetik banaka batzuk eramanda nahikoa izan ohi den jakin nahiko nuke. Mila esker. Besarkada bat". Aitor Unanue

    Eta nire erantzuna:

Jakoba Errekondo 2024ko uztailaren 08a

"Inolako zalantzarik gabe denak eraman. Hazi bakoitza bat eta bakarra da. Aita baten eta ama baten arteko hibridazio edo nahasketaren ondorioa. Ez da inoiz bere kopiarik sortuko. Kopiak edo klonak sortzeko era bakarra hibridazio kontrolatua da. 'F1 hibridoa' ikusiko zenuen noizbait, agian, hazi poltsatxoren batean… Hori da landare berdinak sortuko dituzten hazi berdinak egiteko era bakarra. Ohiko haziak, aldiz, jeneralean datoz ezezaguna den aita eta hazia daraman fruitua emango duen amaren eman-hartu eta nahasketa sexualetik. Agian ezaguna egiten zaizu aita ezezagunarena eta ama ezagunarena; bedeinkazio bila elizatik elizara bazabiltza, are eta ezagunagoa".

Beraz, hazi bakoitza bat eta bakarra izaki, bat bakoitz horrek hartzen duen bedeinkazioak zer eraginik ez du izango beste hazietan. Bedeinkazioa bedeinkazioa da; ez da, Beñat Sarasola Santamaria poetak dioen bezala, saguzarraren eguerdiko doministikua. Bedeinkatua izango da mirakulurako bidea zedarritzen duen uraren ttanttak busti duena. Bedeinkazioaren grazia hartzen duena hazia denez eta hazi guztiek bezala landarea sortzeko bidean lehen lana sustraiak sortu eta lurra ahalik eta indartsuena jo-jo eta zulatzea duenez, ur ttantta horrek ernetzeko asmoa piztuko dio; haziaren baitan lo dagoen landare berriaren muina esnatuko da. Urak zelula berriak sortu eta zaina indarrean zut jartzen du, eta ur hori bedeinkatua bada zutitze eta tentetze hori are eta bulardetsuagoa, gogorragoa, balenkiagoa, berdekiagoa, bihoztunagoa, indartsuagoa, harditagoa, kementsuagoa, dulabreagoa, sutsuagoa, errimegoa, mutiriagoa, gotorragoa, azkarragoa, azarriagoa, irmoagoa, fierrago, zimelagoa, bortitzagoa, suharragoa, errutsuagoa, kuraiosagoa, gotorragoa, kaliputsuagoa, irmoagoa, fetxoagoa, sendoagoa, pijoagoa, tinkoagoa, bipilagoa, kartsuagoa, fermuagoa, goriagoa, tenkorragoa, zozkotsuagoa, adoretsuagoa, finean zinki eta finki erskonagoa izango da, dudarik gabe.

Ez ezazula, deabru txerrenenaren izenean, hazi bakar bat bera ere bedeinka gabe utz. Hazi horretatik letorkeen landarea erruki dut: soro osoa asaldatu, senetik atera, oldartu, matxinatu, mutinatu eta ernegatuko duen artaldeko ardi beltza, amak sekula miaztu gabeko sasiardia, behikundeko adarbakarra, betizu begi-oker ezkela, herriko zakil-handi erreena, oilar ezproi kamuts gandor gabea, txerri-jende arteko masto errena izango da. Soro jorran aritu behar duen jorratzailearen jorraiak laster berarena egingo duena. Garbizaleari ere garbitze lana aurreratuko zaio, zaizu, hazi hori behar bezala bedeinkatua izan bada.

Ez ezazula, sekula jo eta jokatu gabe berrogei azazkaldun bihurtu zenaren izenean, hazi bat bera ere Santa Engraziako ur mirarigile horretan blaitu gabe uztearen sakre madarikazioa egin. Une horretatik atzera bizi ezin eta iraungo duzun eguna bai eta hurrengoan ere bai, Bitoriano Gandiaga Artetxe fraide poeta zenak zioen bezala zure arima, bere aldiz, ernegu bizitzea nahi ez baduzu.

P.S. Erregu ezazu, arren, inongo zopajale seguratarrek ez dezala hau irakur; sekula sekulorum iraungo lukeen “hazien zalantzatia” edo ezizen aise maltzurragoren batekin bedeinka ez zaitzaten.