argia.eus
INPRIMATU
Ereileak versus suhiltzaileak

Mikel Aramendi 2023ko ekainaren 05
CIA agentziako zuzendari William Joseph Burns / Argazkia: CIA

Optimistak bagina, pentsatu beharko genuke Henry Kissingerri bere ehungarrenerako egin nahi izan dioten opari-keinu moduko zerbait dela. 1971an hark Txinara egin zituen –eta geroztik hamaika aldiz hizketa-gai izan diren– isilpeko ereintza-bisitaldien antzeko zerbait. Ondorio galantak (eta, itxuraz, onuragarriak) erakartzen dituzten urrats nimiño horietako bat.

Hartara, CIAko zuzendari Bill Burns-ek pasa den hilean Beijingera isilpean egin eta orain ezagutu den bisitaldia bi handien arteko harremanen desizoztearen lehen pausoa izango litzateke, "espioitza globoaren intzidenteak" sorrarazitako tentsioaren ondotik. Barne kontsumorako esne-saltzailearen istorio estatubatuar horrek iradokiko luke, jarraian, Blinkenek Beijingera egin behar zuen bisitaldia ere abian jarriko litzatekeela, eta abar.

Baina benetan optimista izateko oso aukera gutxi ikusten denez –eta Txinaren iraganean zernahiren aurrekaria ez, baizik aurrekari "zuzena" aurkitzea izan ohi denez benetako buruhaustea–, zentzuzkoagoa dirudi Burnsen bisitaldiak duela 34 urteko beste batekin duen kidetasuna gogora ekartzea. Protagonistak antzekoak izanik, mamia oso bestelakoa zuelako. Eta, agian horrexegatik, historian zokoratuta bezala geratu ohi da. Baina ondo dokumentatuta dago, ez pentsa, protagonistak xehe kontatuta utzi zuelako.

1989ko uztailean, Tiananmen plazako hilketak apenas hilabete zuenean, Brent Scowcroft-ek, GHW Bush presidentearen Segurtasun Nazionaleko Aholkulariak, ezin isilago, Beijing bisitatu zuen eta, besteak beste, Deng Xioaping-ekin elkarrizketatu zen. Etxe Zuriaren mezu bat helarazteko: "Tiananmenen gertatu denaren harira jendaurrean zalaparta ateratzen badugu ere, zuek ez arduratu: ez dugu urrutiago joan nahi, eta lankidetzan jarraituko dugu". Ez da aparteko asmamena behar Scowcroft suhiltzailez mozorrotuta imajinatzeko. Ezta ere agintari txinatarrek pentsatuko zutena imajinatzeko.

Ez dakigu zer mezu eraman duen oraingoan Burnsek, ezta norekin hitz egin duen ere. Baina ondorengo egunetan beste aldetik ikus-entzun ditugunak erantzun-tenorean interpretatu beharko dira; eta oso argigarriak dira. Batetik, XX. Kongresuaren ondorengo Segurtasun Nazionaleko Batzordea bildu da lehen aldiz Beijingen; eta Xiren mezua ezin gogorragoa izan da: "Okerrenerako prestatu behar dugu atal guztietan". Bestetik, Singapurreko Shangri La bilkuran, Defentsa ministroak muzin egin dio Austin idazkariarekin biltzeari... itxurak gorde eta eskua luzatuta, baina aldi berean ezten diplomatikoa sartuz (Japonia eta Australiako ministroekin biltzeko ez du eragozpenik eduki).

Eta, bizkitartean, bi potentzien hegazkinak eta gerraontziak metrotara hurbiltzen...