Koronabirusagatik Frantziako eta Espainiako gobernuek ezarritako neurri zorrotzen aurrean burujabetza aldarrikapena inoiz baino beharrezkoagoa dela adierazi du Eskubide Sozialen Kartak.
“Gaur egungo eredu sozialak aldaketa sakonak behar dituela utzi du agerian koronabirusak eragindako krisiak”, dio erakundeak kaleratutako gutunak. “Kapitalaren logika argia da: negozio eremu berriak esploratu eta krisia etekinak handitzeko erabili, langile eta herri sektoreon prekarizazio eta esplotazio egoera areagotuz”, dio Eskubide Sozialen Kartak.
Neoliberalismoaren indibidualizazio prozesuari aurre egiteko eta antolaketa kolektiboa lehenesteko eskatu du. Hazkunde etengabearen logikari mugak jartzea beharrezkoa dela adierazi du erakundeak, ohitura berriei heldu, zaintza lanak balioan jarri eta komunitarioa eta kolektiboa izango den eredua eratzeko aukera egokia dela.
Euskal Herrian agintzen duten bi estatuek krisia birzentralizazio politikorako baliatu dutela diote. Egoera horren aurrean, azpimarratu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela subiranotasun politikoa eta materiala aldarrikatzea, eta, horregatik, gaineratu dute, bizitzari eusten dioten tresna publiko eta komunitarioek herritarren kontrolpean egon behar dutela, erabakitzeko eskubidea bermatuz. “Eredu berri baten inguruan indarrak batu eta artikulatzeko unea da”, azpimarratu dute.