argia.eus
INPRIMATU
Eredu baztertzailea bultzatzen duela leporatu dio Mugimendu Feministak Udalari, Azkena Rock-eko datuak gogoratuz
  • Gasteizko Mugimendu Feministak Arabako instituzioek “jai-eredu baztertzaile bat bultzatzen dutela” salatu du, aurtengo Azkena Rocken arituko diren 34 taldeetatik soilik hirutan emakumeen presentzia egongo dela gogoratuz. Bost puntu exijitu dizkiete arduradun politikoei.

Hala Bedi @halabedi 2018ko ekainaren 07a
(Argazkia: Hala Klik)

Arabako instituzioek “jai-eredu baztertzaile bat bultzatzen dutela” salatu du Gasteizko Mugimendu Feministak. Azkena Rock Festival jaialdia ate joka dugunean -ekainaren 23ko asteburuan ospatuko da-, beste urte batez emakumeen presentzia minimoa dela gogoratu dute: Mendizabalako zabalguneko oholtzara igoko diren 34 taldeetatik 3k soilik dute emakumeren bat euren kideen artean.

Hala ere, zifra hauek salbuespen bat ez direla narbarmendu nahi izan dute Plaza Berrian egin dute agerraldian. Iaz, esate baterako, lau taldek baino ez zuten emakumezko kideren bat.

“Baina kezkatzen gaituen bakarra ez da oholtza gainean emakumeen presentzia eskasa; horren atzean, jaialdi honek ezkutatzen duen eredua da zalantzan jartzen duguna. Emakumeen presentzia eskasa icebergaren punta baino ez da; egoera honek, beraz, kritika oso eta estrukturala merezi du”, salatu dute.

“Azkena Rock Festival jaialdiaren antolatzailea, Last Tour International enpresa, diru publikoa erabiliz,  helburu komertzialak baino ez dituen ekimen bat antolatzen ari da”, esan dute. Izan ere, Gasteizko Udaletik soilik 270.000 euro jasotzen ditu festibala antolatzeko.

Jaialdirako, beraz, berdintasun politika askotara bideratzen den partida baino partida handiagoa jasoko duela gaitzetsi dute, “jaialdi elitista bat bultzatuz, egoera prekarioan lan egiten duten langile askorekin, eta emakumeok lekurik ez dugun jai eredu bat bultzatuz”. Ondorioz, “kultura eredu sexista bat” bultzatzea leporatu diote jaialdiari eta Azkena Rock Festibaleko antolatzaileei.

Zentzu honetan, iaz, aurtengo ediziorako arazo hau konponduko zutela gogorarazi diete arduradun politikoei.

Hau guztia dela eta, Gasteizko Mugimendu Feministak bost puntu jarri nahi zian ditu mahaiaren gainean:

Udalaren betebeharra eta ahalmena dela kontratu publiko edota hitzarmen bidez kontratatzen duen orok emakumeen presentzia bermatzea bere programazioan.  Era berean, antolatzen den ekimenean zehar emakumeen zein LGTBI komunitatearen kontrako erasorik eman ez daitezen neurriak hartzea ezinbestekotzat jotzen dute.

Enpresa pribatu batentzako onura ekonomikoak lortzea helburu duen jaialdirik ez dute onartzen, ezta “eredu elitista” bat bultzatzen duenik. “Jende askorentzat lorgarriak ez diren prezioak ditu eta langileak prekarizatzen ditu”.

Era honetako jaialdiak finantzatzeko, diru zein espazio publikorik ez erabiltzea eskatu dute, “bertan emakumeak esplotatuak eta gutxietsiak baikara”.

“Udalbatza osoari dei egiten diogu zentzu honetan lan egitera, emakumeen zein LGTBI komunitatearen kontrako erasorik gabeko espazioak lortze bidean. Horrela, Emakumeok presentzia publikoa izan dezagun esparru guztietan, bazterketarik gabe”.

PNV eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak gai honetan aurrera daraman politika baztertzailearen kontra lerroka daitezen eskatu diete hiriko eragileei.

Gasteizko Mugimendu Feministatik “prekaritate eta bazterketarik gabeko jai eredu batean” sinesten dute. “Beste modu batera esanda, emakumeon kontrako indarkeriarik gabeko jai eredu batean sinesten dugu”.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.