argia.eus
INPRIMATU
Eredu agortua eraldatzen: Alternatiben Azoka egingo dute Arrasaten larunbatean
  • Arrasateko Gaztetxeak Alternatiben Azoka antolatu du egun osoko egitarau batekin martxoaren 25ean. Bilboko Areatzan Euskal Herriko hainbat eragilek antolatutako Alternatiben Herrixka hartu dute eredutzat.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 22a

“Mendebaldeko gizartea sartuta dagoen zibilizazio krisi sakonaren aurrean, hainbat enpresa, kooperatiba, elkarte eta norbanakok euren hautua egin dute printzipio etiko, sozial, ekologiko eta feministak aintzat harturik funtzionatzeko”, diote antolatzaileek.

Eragileek azoka antolatuko dute Sebero Altube plazan goizeko 10:30etatik hasita gaualdera arte. Informazioa banatu eta beren produktuak salduko dituzte han. Gainera, eragile horietako askok hitzaldiak emango dituzte beren proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Han izango dira, besteak beste, Olatukoop kooperatiben sarea, Goiener energia berriztagarriaren kooperatiba, Ekintza Zuzena, La Gallina Vasca, Argia eta beste hainbat editore, idazle eta banatzaile, Koop57 eta Fiare banku etikoak eta beste alor ugaritako abar luze bat.