argia.eus
INPRIMATU
Erdogani erabateko boterea emateko erreferenduma ez dela demokratikoki egin salatu dute
  • Turkian demokrazia parlamentariotik sistema presidentzialistara igarotzeko galdeketan baiezkoak irabazi du, bozen %51,2rekin. Oposizioak iruzurra salatu du eta begiraleek esan dute prozesua ez dela demokratikoa izan. Erdogan presidenteak, ordea, historikotzat jo du garaipena.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 18a
Arg.: Ozan Kose, Agence France-Presse

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari boterearen gehiengoa emateko erreferendumean baiezkoak irabazi du, gutxigatik, eta emaitzek herritarren arteko arrakala handitu dute. Oposizioko alderdi nagusiak, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak, esan du Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko duela, prozesuan “irregulartasunak” egon direlako. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak iruzurra salatu du eta emaitzen bi heren inpugnatuko dituela iragarri du.

ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko begiraleek esan dute ez direla bete Europako Kontseiluaren estandarrak, bozketa larrialdi egoeran egin delako. Uztaileko estatu-kolpe saiakeraren ostean ezarri zen eta ordutik “adierazpen askatasuna eta zuzenbide estatua urratu” egin direla salatu du ESLAk. Erdoganek esan du ez diela jaramonik egingo begiraleen txostenei eta “bere bidean” jarraituko duela.

Botere betearazle eta legegileari eragingo dizkioten 18 neurri-sortaren onarpena zegoen jokoan galdeketaren bitartez. Besteak beste, lehen ministro kargua abolituko da eta presidenteak kabinetea izendatu eta hainbat presidenteorde izango ditu; zentsura mozioak ezartzeko aukera kenduko da eta Legebiltzarrak ez ditu ministroak gainbegiratuko; eta Auzitegi Goreneko hamahiru epaileetatik lau presidenteak izendatuko ditu.

Erreformaren aldekoek diote Turkia indartuko duela, garapen ekonomikoa lortzeko eta terrorismoari aurre egin ahal izateko. Aurkariek, berriz, ohartarazi dute Erdogani erabateko boterea emango diola. HDPk salatu du sistema presidentzialistak “gerra eta genozidioa” indartuko dituela.