argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak
Erdoganek bigarren itzulia gainditu beharko du presidentetzan jarraitzeko
  • Bozken %99 zenbatuta, egungo presidente Erdogan nagusitu da lehen itzulian, botoen %49,4 lortuta. Gertu geratu da Kemal Kiliçdarogluk oposizioko burua, %45arekin. Inork ez duenez gehiengo absolutua lortu, bigarren itzulia egin beharko dute maiatzaren 28an.

Leire Artola Arin 2023ko maiatzaren 15a
Bigarren geratu da oposizioko buru Kemal Kiliçdaroglu sozialdemokrata, botoen %45 lortuta. / Argazkia: Marta Moreno / El Salto.

Igandean egin dituzte Turkiako presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak, aldaketa ekar zezaketenak. Hauteskundeen garrantziaren erakusle izan da herritarren parte hartzea: deitutakoen %88,3k eman dute bozka. Ia boto guztiak kontatuta, presidentetzan hogei urte daramatzan Recep Tayyip Erdoganek eskuratu ditu bozka gehien (%49,4), baina ez da nahikoa hauteskundeak irabazteko; bigarren itzulira joan beharko du eta hura irabazi, Turkiako presidente izaten jarraitzeko.

Bigarren geratu da oposizioko buru Kemal Kiliçdaroglu sozialdemokrata, botoen %45 lortuta. Oposizioko hainbat alderdik babestu zuten bere hautagaitza, eta ezkerra batzeko deia egin zuten, Erdogan boteretik botatzeko asmoz. Batik bat hiriguneetako herritarrek babesten dute Kiliçdaroglu, eta Erdogan, berriz, landa eremukoek.

Ez lehenak ez bigarrenak ez dutenez botoen erdia eskuratu, bigarren itzulian lehiatu beharko dute, maiatzaren 28an. Emaitza erabaki lezakete hirugarren geratu den Sinan Ogan (botoen %5,2 eskuratuta) eskuin muturreko hautagaia babestu dutenen bozkak, Erdogan edo Kiliçdaroglu nagusitzeko. Aipatzekoa da Ogan Mugimendu Nazionalistaren Alderdiko (MHP) kide izan zela, hain zuzen, Erdoganen Justizia eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren (AKP) aliatua. Aurreikusi daiteke %5 pasatxo horrek Erdogan bozkatuko duela bigarren itzulian.

Parlamentuan AKP behera

Emaitza ofizialen esperoan, iragarri dute Erdoganen AKP alderdiak eskuratu duela gehiengoa parlamentuko bozetan: 600 diputatuetatik 266 lortu ditu, azken urteetako gutxien. Bigarren indar izango da Kiliçdarogluren Herriaren Alderdi Errepublikanoa (CHP), 169 eserlekurekin. Ezkerreko Alderdi Berdea hirugarren indarra izango da, 62 parlamentari lortuta; Kurdistango Herrien Alderdi Demokratikoaren (HDP) babesa du horrek.

Azken urteetan garrantzia galdu du parlamentuak, Erdoganek bere agintaldian sistema presidentziala ezarri baitu, eta boterearen zatirik handiena izan du. Dena den, Kiliçdarogluk agindu du presidente izanez gero sistema parlamentarioa berrezarriko duela. Datozen orduetan emango ditu emaitza ofizialak hauteskunde batzordeak.