Turkiako presidenteak igandean adierazi du operazio militarrak hasiko dituela Eufrates ibaiaren ekialdean, Siriako Kurdistanen. “Afrinen, Jarablusen eta al-Baben sartu gara. Orain Eufratesen ekialdean sartuko gara”, adierazi du.
YPG Herri Babeserako Unitateek kontrolatzen duten eta AEBetako armadak presentzia handia duen eskualde honetan sartu nahi du Erdoganek, mugan “segurtasun esparru” bat sortzeko. Ankarako Gobernuak lehenagotik adierazi zuen eskualde honetan sartzeko asmoa, eta AEBekin adostu zuen Siriaren eta Turkiaren arteko iparraldeko mugan “segurtasun esparru” bat sortzea. Hala ere, Donald Trumpen administrazioa esparru horren sorrera moteltzen ari dela salatu du Erdoganek.
Mugimendu militar berriak iragartzean, Errusia eta AEBei haien berri eman diela baieztatu du Erdoganek. Siriako Kurdistango eskualde hau guztiz estrategikoa da. Eufratesen beste aldean duela urtebete baina gehiago hasi zen Turkia mugimenduak egiten, YPGei esparrua kentzeko. Izan ere, YPGak “erakunde terrorista” bezala daude sailkatuta Turkian. Kurdistango Herri Babeserako Unitate hauek AEBen aliatu nagusiak izan dira Daesh-en aurkako gerran, eta hori argi ikusten da AEBek Sirian dituzten base militarren banaketarekin; Siriako Kurdistanen hamar base militar baititu Trumpen administrazioak.
Siriako Gerraren egoera
Turkiak operazio militarrak iragarri dituen esparruan, 80 km baina gutxiagoan lau base militar dituzte AEBek, Kobane eta Ain Issa hirien artean. Sirian egoera ez da asko aldatu azken hilabeteetan. Siriako armadak herrialdearen esparru handiena izaten jarraitzen du, hiri nagusiak barne: Damasko, Homs, Latakia eta Aleppo, adibidez. Daesh marginala da gaur egun, eta Siriaren ekialdean bakarrik ditu gune batzuk kontrolpean. Idlib eskualdea, ipar mendebaldean, Jabhat al-Nusra salafisten eta Siriako opositoreen artean dago banatuta. Idliben iparraldean, Afrin hiriaren inguruan, Turkia da nagusi.