argia.eus
INPRIMATU
Erdoganek garaipena lortu du Turkian, hauteskundeetako bigarren itzulian
  • Botoen %52,1ekin irabazi du Erdoganek, eta aurkariak, Kemal Kiliçdarogluk %49,7eskuratu du. Emaitzak ezagutu ondoren, nazioarteko buruzagiek Erdogan zoriondu dute.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 29a
Erdogan hauteskundeak irabazi ondoren egindako hitzaldian. Argazkia: Recep Tayyip Erdogan.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako egungo buruzagiak garaipena lortu du presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian, Turkiako Hauteskunde Batzordeak iragarri duenez. Maiatzaren 14an, hautagaietako batek ere ez zuen lortu behar den gehiengoa, estatuburu izateko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian.

Botoen %99,5 zenbatuta, Erdoganek botoen %52,1 jaso du, eta haren aurkariak, Kemal Kiliçdaroglu sozialdemokratak %47,9, Turkiako Hauteskunde Batzordeko Ahmet Yener lehendakariak agerraldi publiko batean jakinarazi duenez.

Emaitzak behin behinekoak badira ere, zenbatu gabe geratzen diren boto gutxiek ezin dute garailea aldatu. Behin betiko zifrak balizko helegiteak argitu ondoren jakinaraziko dituzte.

"Datozen bost urteetan, herrialdea kudeatzeko ardura gure esku geratu da", esan die Erdoganek Istanbulgo jarraitzaileei, eta gogoratu du hurrengo hitzordua 2024an izango dela, herrialdean udal hauteskundeak egiten direnean.

Europako agintariek Erdogan zoriondu dute

Olaf Scholz kantziler alemaniarrak Erdogan zoriondu du. Bestalde, Emmanuel Macron frantziar presidenteak erronkei elkarrekin aurre egiteko gonbita egin dio Erdogani; erronka horien artean daude Euroatlantiar aliantza eta "bakea Europara itzultzea".

Europako Kontseiluko Charles Michel lehendakariak eta Europako Batzordeko Ursula von der Leyen lehendakariak ere Erdogan zoriondu dute, eta interesa agertu dute Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko harremanei eusteko. "Garrantzi estrategikoa du EBrentzat eta Turkiarentzat harreman horretan aurrera egiteko lan egiteak, gure herriaren mesedetan", esan du Von der Leyek.