argia.eus
INPRIMATU
Erdoganek arma gisa erabili ditu errefuxiatuak Europar Batasuna mehatxatzeko
  • EBk salatu du kurduen aurkako erasoa inbasioa dela. 3,6 milioi errefuxiaturi ateak zabaldu eta Europara sartzen utziko diela erantzun du Turkiako presidenteak.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 11
Erdogan. Argazkia: Daily Sabah

Recep Tayyip Erdoganek Europar Batasunari adierazi dio “ezin duela Turkiaren operazio militarra inbasio deitu”. Urriaren 9an hasitako Bakearen Iturburua operazioak Europako agintariak asaldatu ditu. Emmanuel Macron Frantziako presidentea izan da Turkia Siriako gatazkan parte hartzen hasi izana kritikatu duen agintarietako bat: “Turkiak arriskua hartu du, Estatu Islamikoari bere Kalifa Herria berreraikitzen lagun baitiezaioke eraso honek”.

Siriako Giza Eskubideen Behatokia erakundeak jakinarazi duenez, hildako ugari daude jada Turkiaren eraso militarrean: Siriako Indar Demokratikoetako 23 kide hil dira, eta milizia kurduetako beste hiru. Horrez gain, heriotza zibilen berri ere eman du erakundeak. YPJ emakumeen miliziako kide izan zen Meryem Kobanek Turkiaren erasoaldia gelditzeko laguntza eskatu du Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Turkiak eta EBk hitzarmen bat dute, 2015ean sinatua, errefuxiatuen fluxua Europan Ankarak kontrola dezan, Europak diru laguntzak ematearen truke. Erdoganek “beraien hitza ez bete izana” egotzi dio erakunde europarrari.