Fehtullah Güllen oposizioko buruarekin lotutako “inperio ekonomikoaren komunikazio adarrarentzat” lan egitea egozten diete hedabideetako langileei.
Turkiako estatu kolpearekin harremana izatea egotzita, 42 kazetari atxilotzeko agindu du Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Bulegoak. Recep Tayyip Erdogan presidentearen esanetara dago bulegoa: uztailaren 15eko kolpeari emandako erantzunaren zati dira atxilotze aginduak. Hürriyet egunkariaren arabera, polizia kazetarien bila ari da, baina oraindik ez ditu atxilotu.
Fetullah Güllen oposizioko buruaren jarraitzaile izatea eta haren agindupean jardutea leporatzen diete. Atxilotzeko agindupean dagoenetako bat Nazli Ilicak da. Analista politikoa eta diputatu ohia, Sabah egunkaritik kaleratu zuten 2013an, hiru ministroren dimisioa eskatzeagatik: haien semeak ustelkeria kasuetan zipriztinduta zeudela salatu zuen.
Kazetarien zenbait elkargok “kriminalizazioa” salatu dute. Philippe Leruth Kazetarien Nazioarteko Elkargoko presidentearen arabera, “huts egindako kolpeaz geroztik hedabideen aurkako jazarpena areagotu egin da Turkian. Iragarritako atxiloketek euren lana soilik egiten ari ziren kazetarien aurka egingo dute, beste behin”.
Sorgin ehizak aurrera darrai
Uztailaren 15ean Turkian gertatutako estatu kolpe saiakerari Erdoganek emandako erantzuna handia izan da: 13.165 lagun atxilotu eta 60.000tik gora kargutik kendu ditu azken hamar egunetan, presidenteak berak azaldu duenez.
Gobernuak sorgin ehizarekin jarraitzeko asmoa du: “Enbaxadoreak ere kaleratuko ditugu”, zehaztu du Mevlüt Cavusoglu kantzilerrak Habaertürk irratian. Cavusogluk arabera, Atzerri Arazoetako ministerioan “güllenista asko infiltratu” dira azken urteetan.