Turkiak gogortu egin du “Eufratesko ezkutua” deituriko kanpaina militarra. Guztira, 60 tanke eta 380 bat soldadu ditu Turkiak Jarabulus inguruan.
“Ezin dugu erakunde terroristarik onartu, ez gure mugen barruan, ezta kanpoan ere. Horregatik gaude Jarabulusen, eta beharrezkoa bada beste lurraldeetara joango gara ”. Hitz horiek baliatu ditu Turkiako presidente Recep Tayipp Erdoganek armadaren Siriako operazioek aurrera jarraituko dutela baieztatzeko.
Erdoganek Gaziantep herrian –kurduen ezkontza baten aurkako erasoan 54 lagun hil zituzten lekuan– egin ditu adierazpenok, eta Siriako operazioak “amaiera arte” eramateko asmoa azaldu du. Horrez gain, zehaztu du “ Turkiak determinazio bera erabiliko duela Estatu Islamikoaren eta YPGko milizia kurduen aurka”. Horretarako, ibilgailu blindatuez gain 60 tanke eta 380 soldadu bidali dituzte Siriara.
Turkiak Eufrates ibaiaren ekialdera joateko agindu die YPGko miliziei. Erdoganen gobernuak talde terroristatzat du YPG, eta PKKrekin lotura izatea egozten dio.
Estatu Islamikoari dagokionez, haiek Jarabulus ingurutik botatzeko “egin beharrekoa” egingo dutela azaldu du Erdoganek, eta zin egin du Jarabulus askatuko dutela: “Bertako berezko bizilagunak itzultzen ari dira jada”.
Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, Turkiarren ofentsibak 40 zibil hil ditu Jarabulusetik gertu dauden al-Amarneh eta Jeb al-Kussa herrietan. Turkiak ukatu egin du hori: armadaren esanetan, “ejertzitoari eraso egin dioten 25 terrorista kurdu” hil dituzte.