Nafarroako Gobernuak foru interesekotzat jo du Magna enpresak Erdizen eraiki nahi duen magnesita meategia. Baztan eta Esteribar batzen dituen Alduide mendian daude Erdizeko belazeak eta 80 familien abereak bazkatzen dira bertan.
Foru gobernuaren esanetan, proiektua landa-guneetako enplegua, lurralde kohesioa eta ingurumena babesteko garapen ekonomikoari lotuta dago. Gobernutik diotenez, Esteribarren kokatutako Magnesitas Navarrasen 240 pertsona ari dira lanean, eta haren bueltako zeharkako lanetan beste horrenbeste.
Azken ia bi hamarkadetan proiektu honen aurka ari den Baztango Erdiz Bizirik plataformak salatzen du Magnesitas Navarras Frantziako Roullier multinazionalarena dela, eta proiektu honi dagokionez, Baztango biztanleei zer interesatzen zaien edo zer ez Parisen erabakitzen dela. Elkarteak dioenez, eragin kaltegarriena Erdizen aritzen diren 80 abeltzain familiek jasango lukete, baina proiektuak Baztan osoan ari diren 270 abeltzainei eragingo lieke. Gehitzen du, halaber, behin meategia agortuta ezinezkoa litzatekeela belardiak berreskuratzea.
Erdizeko belardiak 476 hektarea ditu, Baztango handiena da eta kalitate hoberenekoa. Horien erdia erabiltzen da abereen elikagune gisa, eta hain zuzen ere erdi horretan eraiki nahi dute meategia. Baztanen lehen sektoreak ekonomiaren %15 inguru hartzen du oraindik.
Magnesita minerala urria da Europan, eta enpleguarenaz gain, Magnesitas Navarras eta foru gobernua argudio hori erabiltzen ari dira meategiari bultzada emateko. Gobernuaren esanetan Eslovakian, Grezian, Austrian eta Nafarroan ekoizten da munduko magnesitaren %6. Horregatik, kolektibo askok salatzen dute gobernuak baino, halako proiektuetan multinazionalek agintzen dutela Nafarroan.
Hauteskundeetan ere baztandarren gehiengoa aurka
Baztandarrek molde askotan erakutsi dute proiektuaren aurkako jarrera. Elizondon hainbat mobilizazio arrakastatsu egin dituzte, eta iragan apirilaren 22an Iruñeraino eraman zuten meategiaren aurkakotasuna, hiri buruzagian 2.000 lagunetik gora bilduta.
Maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzei erreparatua ere argi ikusten da egitasmoaren kontrako oposizio handia: bozkatu zuten herritarren %80k proiektuaren kontra dauden alderdiei eman zieten botoa, Erran.eus-ek argitaratu duenez. Baztandarren Biltzarrak erreferenduma deitu nahi izan zuen gaiaz iragan udazkenean, baina Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak debekatu egin zuen.
Magnesitas meategiarekin batera, beste bi proiektu ekonomiko ere interes orokorrekoak jo ditu foru gobernuak: Urrizmendi enpresak aluminioa galdatu eta ijezteko proiektua Uharte-Arakilen, eta EXCAL Elikagaien Erakusketa eta Kontserbaziorako enpresaren instalazioak eta lineak handitzeko proiektua Martzillan.