argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak Baztango Erdiz inguruan magnesita meategia eraikitzeko plana onartu du
  • Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan modura (UGEP), eta horren ondorioz, Magnesitas Navarras SAk 25 urtez ustiatu ahal izango du Erdizen ireki nahi duen meatzea.

ARGIA @argia 2024ko urtarrilaren 18a

Magnesitas enpresa ustiatzailearen arabera, 11,8 miloi tona magnesita mineral dago Erdizko eremuan eta urtero 600.000 tona aterako lituzkete bertatik. Aurreratu dute 18 milioi euroko inbertsioa egingo dutela eta 39 lanpostu sortuko dituztela. UGEP gisako onarpen honekin ustiapena aurrera eraman ahal izateko azpiegiturak azkartu ahal izango dira foru gobernuaren esanetan, besteak beste, NA-1740 errepidean egin beharreko hainbat egokitzapenetan.

Proiektua 2001etik dago abian, baina bata edo bestea dela eta, atzeratuz joan da. Enpresa beraren beste proiektu bat 2015ean atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, Zilbetin, Erdizetik nahiko gertu. Abeltzaintzarako eremu garrantzitsua da Erdizekoa, eta hainbat iturriren arabera, Nafarroako abeltzaintzaren ustiaketaren %15 egiten da bertan.

Azken hogei urteetan proiektuak oposizio handia izan du Baztanen, Erdiz Bizirik herri plataformak adierazi ohi duen bezala, “txikizio ekologikoa dakarrelako eta bertako abeltzaintza suntsituko” duelako. Plataforma horren erranetan, 80 nekazari profesionalek eramaten dute azienda Erdizera, “eta nekazaritza kate bat den heinean, lanpostu horien galerak gainerako sektoreetan ere eragina izango du. Gure lurrak eta ondarea kanpoko multinazionalak aberasteko erabiltzen dituzte”, plataformaren esanetan.

“Herritarrek proiektua babesten ez dutela erakusteko”, alegazio zerrenda prestatu dutela dio Erdizek eta ahalik eta herritar gehienak horiek sinatzera deitzen dituzte. Proiektua baztandarren iritziaren aurkakoa dela adierazi dute eta horren froga gisa aipatzen dute azken udal hauteskundeetan hamar herritarretatik zortzik proiektuaren kontra daude alderdien alde bozkatu zutela.